Etxebizitza arazoari aurre egiteko neurri berrien bila ari da Getxoko EH Bildu

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 23a, 14:36

Prentsaurrekoa eman zuen atzo Getxoko EH Bilduk.

Getxo udalerriko etxebizitzaren "arazoa" aztertzeko eta horri konponbidea emateko eredua bilatzeko jardunaldia egingo du EH Bilduk datorren martitzenean, hilaren 27an, Algortako Villamonteko kultur etxean. Topaketa hori etxebizitzaren inguruan kezkatuta dagoen edonori dago zabalik, antolatzaileek iragarri dutenez. Atzo, eguenean, egindako prentsaurrekoan, Nerea Guijarrubia zinegotziak azaldu zuen etxebizitzaren arazoa "larria" dela Getxon. "Gure gazteek herria utzi behar izaten dute etxebizitza duin bat eskuratzeko, baina ez dira soilik gazteak arazoa pairatzen dutenak; emakumezkoek, banatutako gurasoek, etorkinek, pertsona nagusiek, denok sufritzen dugu Getxoko etxebizitzen prezioak sortzen duen arazoa".

Arazo horri irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatu du EH Bilduk. Udalerrian 3.000 etxebizitza huts baino gehiago daudela diote batzuk, beste batzuk, ordea, 2.000ra heltzen ez direla diote. Horren harira, datuak argitu ahal izateko zentsua egitea adostu zuten EH Bilduk eta Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE). Era berean, 2016ko aurrekontuetarako akordioan, etxebizitzaren arazoa "arintzeko" neurriak adostu zituztela gogoratu zuen atzo Guijarrubiak, "tartean, gastu finkoak ordaintzeko diru-laguntzak eta gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak".

Neurri horiek arazoa "arintzeko" neurriak direla aitortu du koalizio abertzaleak, hala ere, arazoari aurre egiteko pertsona denen parte-hartzea "ezinbestekoa" dela diote. "Proposamen integrala behar du herri honek. Hemen ditugu Udalak egin dituen alokairuzko etxebizitzak, 15 urteren buruan erosi daitezkeenak, hori al da irtenbidea? Guretzako ez dio problematikari errotik erantzuten", adierazi zuen Guijarrubiak Alangoko etxebizitzen harira.

Alternatibak bilatzeko guran, daborduko problematika hori "gehien" pairatzen duten kolektiboakaz jarri da harremanetan koalizio abertzalea: emakume eta elkarte feministak; gazte taldeak, pertsona migratuen taldeak eta guraso bakarren elkarteak, besteak beste.

Etxebizitza arazoari aurre egiteko "formula berriak"

EH Bilduk badu oinarrizko proposamen bat, "eta proposamen horrek alde asko ditu: neurri fiskalak, hobariak, diru-laguntzak, alokairuaren aldeko apustu garbia eta etxebizitza eredu berriak", azaldu dute. Horien adibide gisa, Gobernu-taldeak Algortako Alango kalean kokatuta dauden udal-zerbitzuak beste nonbait kokatzeko asmoa duela adierazi du EH Bilduk; horren harira, lur-eremu horietan etxebizitza arazoari aurre egiteko "formula berriak" entseatu daitezkeela iragarri dute.

"Guk argi dugu herritar orori eragiten dion arazoari aurre egiteko, proposamen integrala osatzeko herritar guztiak direla beharrezkoak eta bereziki bortizki kolpatuak diren kolektiboak. Horregatik antolatu ditugu topaketa hauek, gure eredua fintzeko, hobetzeko, osatzeko eta eraikitzeko. Herritarren partaidetzarekin osatzen dugun etxebizitza plangintza aztertu nahi dugu, eta ahal bada adostu nahi dugu ondoren Gobernu-taldearekin", adierazi zuen atzo Guijarrubiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun