Udako jaiak 2017

Getxoko Nazioarteko Paella Lehiaketaren eremu ez-ofizialean segurtasuna areagotuko du Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 27a, 15:57

Egurrezko etxolak eraiki ohi dira Getxoko Nazioarteko Paella Lehiaketan.

Uztailaren 23an, domekan, ospatuko dute Getxoko LXII. Nazioarteko Paella Txapelketa. Horren harira, Getxoko Udalak proiektu pilotu bat abiatu du Itxas Argiak antolatutako jai-eremutik kanpo dagoen gunean segurtasuna handitzeko. Egitasmo horrek neurri sorta bat jasotzen du Udalak urtero egin ohi dituen jarduerak osatzeko, "txapelketa ahalik eta segurtasun, ordena eta garbiketa baldintza handienetan ospatu dadin ahalbidetzeko", azaldu dute udal-iturriek.

Itxas Argia elkarteak antolatzen duen jaiaren zati bat lur pribatuetan egiten da, eta ez da paella-txapelketa ofizialeko eremuan egiten. Hori dela eta, aurten hainbat neurri hartu ditu Udalak, azken urteotan gero eta jende gehiago biltzen delako eremu horretan, eta bertan eraikitzen diren eraikinak "gero eta handiagoak" direlako. Neurri horiek lurren jabe diren erakunde eta norbanakoakaz adostu dira.

Horren denaren helburua da, ahal den neurrian, jaiari lotutako arriskuak gutxitzea, hau da, egurrez egindako eraikinek eta jaiegun horretan piztutako suteek eragin ditzaketen arriskuak saihestea. Horretarako, bideak eta ebakuatzeko aldeak zehaztu dituzte, eremuaren barruan segurtasun korridoreak ezartzeko eta ur-hartuneak hurbilduz gune horretara.

"Proiektu aitzindariaren helburua ez da, inolaz ere, gure herrian oso sustraituta dagoen jarduera galaraztea, baizik eta arriskuak kudeatzeko lan egitea, eta horrela paellen jaia era informalean ospatzeko elkartzen diren pertsonak, gehienak gazteak, beraientzako segurtasun baldintza hobeagotan izateko neurriak barneratzen joatea lortzea", zehaztu du Koldo Iturbe Kultura zinegotziak.  

Hori guztia udal-sail desberdinen artean koordinatuta egiten ari da eta tokian bertan lan egingo duen profil desberdineko pertsonen lan-taldea eratzea aurreikusten du. Hori aldian-aldian gunera hurbilduko da eta segurtasun handiagogaz jaia gozatu ahal izateko gomendioak helaraziko dizkie koadrilei.

Proiektua abian da eta lehiaketaren ondorengo egunean amaituko da. Bukatutakoan ebaluatu egingo da, hurrengo edizioei begirako ondorioak ateratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun