Joseba Arregik gogorarazi duenez, babes ofizialeko etxebizitzen inguruko ekintzei beste jarduketa ildo batzuk batzen zaizkie, hala nola: alokairurako laguntzak (103); plangintzako egokitzapenak Ormaza eta Sarrikobaso unitateetan, dagoeneko izapidetzen daudenak, babes ofizialeko etxebizitzen gehikuntzari begira birdentsifikazioak egitea ekarriko dutenak (Ormazan 100 eta Sarrikobason 28); Getxon hutsik dauden etxebizitzen azterketa eta diagnostikoa (alokairu-merkatu bat abian jartzea mesedetzeko); eta Espainiako Gobernuagaz eta VISESAgaz akordioak lortzea, udal titulartasuneko lurzoruetan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko, alokairurako, besteak beste.
Ekainaren 1era arte, babes ofizialeko etxebizitzen 3.982 eskaera daude. Horietatik 2.430 Getxoko biztanleenak dira.
Eztabaidari dagokionez, PPk aldeko botoa eman zuen. Izan ere, "etxebizitzari buruz dugun planteamenduaren ildoan doa: berdegunean eraiki baino lehen, aurreko plana garatu behar da. Gainera, partida honek urteetan geldirik egon den zona baten hirigintza-garapena ekarriko du, eta udalerriko etxebizitza-eskaintza areagotuko du. Puntu honen alde gaude, baina babes ofizialeko etxebizitzak azkarrago eraikitzeko eskatzen dugu".
Guk abstenitu egin zen, "egikaritze-unitate horretan ur-ibilgu iraunkor bat dagoelako: gaurdaino iraun duten erreka urrietako bat da, eta ez da baloratu.Horregatik, udalaren hirigintzako politika salatzen dugu, lurraldeari eta ingurumenari dagokienez. Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea nahi dugu, baina ingurune fisikoarekin eta ingurumenarekin harmonian".
EH Bildu ere abstenitu zen, jarduketa honek zalantzak sortzen dizkiolako, ez baita zehaztu zenbat etxebizitza izango diren alokairuan, zenbat salmentan... "Getxoko berdeguneak defendatzen dugu, baita etxebizitza funtsezko eskubide subjektiboa dela ere, Udalak bermatu behar duena. Uste dugu etxebizitzaren arazoak jarduketa plan integrala behar duela, partxeak bainoago".
Beste alde batetik, erabilera publikoko espazioen okupazioa, ostalaritza eta merkataritza jarduerei lotua, erregulatzen duen ordenantzaren aldaketa hasiera batean onetsi zen osoko bilkuran. Aldaketan, Getxon jar daitezkeen hiru terraza motak aipatzen dira, baita beraiek jartzeko baldintzak eta betekizunak ere. Aldaketaren xedea herritarrek ordenantza erraz interpretatu ahal izatea da.
Mozioak
Ekaineko osoko bilkuran hiru mozio onetsi ziren, testigantza izaeragaz. Lehenengo biak PPk aurkeztu zituen: bata, PPko zinegotzia zen Miguel Ángel Blancoren oroimenez minutu bateko isilunea gordetzeko, ETAk bahitu eta hil zueneko 20. urteurrenean. Bestea, Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eska diezaion aste-akabuan eguneko zentroa irekitzeko, Jesusen Bihotzaren Udal Egoitzan, mendetasuna duten adineko pertsonen zaintzaileei atseden zerbitzua emateko helburuz.
Onetsitako hirugarren eta azken mozioa GUKena izan zen, udalerriko hondartzetan lau edukiontziko multzoak jartzeko, horrela ontziak, papera/kartoia, beira eta bestelakoak bereizi ahal izateko (Gobernu-taldearen esanetan eginda dagoena) eta, modu berean, kaleetan lau paperontziko multzoak jartzeko, helburu berdinagaz.