Udako jaiak 2017

TMS kuadrilla: "Ezelako sexu-erasorik gabeko jaiak gura ditugu"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko uzt. 10a, 12:00
TMS kuadrilla iazko jaitsieran. © TMS KUADRILLA

Algortako TMS kuadrilla 18 eta 19 urte arteko hogei neska inguruk osatzen dute. Iaz, kuadrilla-txapelketa irabazi zuten, euren auzoko San Inazio jaietan; horri esker, pregoia irakurtzeko aukera izango dute aurton. Aitortu dutenez, oraindino ez dute prestatu. Hala ere, argi daukate jaietan ere gero eta ohikoagoak diren sexu-erasoen kontrako mezua zabaldu gura dutela.

Zeintzuk dira kuadrillen txapelketa irabazteko gakoak?

Berbarako, gure ustez, lagun-taldeko kide guztiek kuadrillen jaitsieran parte hartzea oso garrantzitsua da. Hori ez da gure kuadrillari bakarrik ipintzen diogun baldintza bat; lagun-talde guztiek gauza bera egin beharko lukete. Adinez txikiak edo helduagoak izan, kuadrillen jaitsieran denek parte hartu behar dute. Modu berean, talde osoa batuta egotea funtsezkoa da. Kaleko giroa osasuntsua eta egokia izateak asko laguntzen du jaitsiera on bat egiteko, eta irabazteko aukerak izateko.

Gaueko parrandak ez dira traba izaten eguneko probak egiteko orduan?

Kar, kar. Orokorrean, kuadrillen txapelketako proba gehienak eguerdian izan ohi dira, 12:00ak inguruan; horrenbestez, denbora apurtxo bat izaten dugu lo egiteko eta gure burua kokatzeko. Hala ere, egunetik egunera, nekea handiagoa da; topera ibiltzen gara jaiek irauten duten egun guztietan.

Idatzi duzue pregoia, prest daukazue?

Iaz kuadrillen txapelketa irabazita, jaien hasierako pregoia irakurtzea dagokigu aurten. Hala ere, esan beharra dago, irakurriko duguna ez dela jaien liburuxkan agertzen den testu berbera. Horrela izaten da beti: jai-batzordeak askatasun osoa ematen dio kuadrilla-irabazleari euren pregoian zer esan gura duten erabakitzeko. Dena den, oraindino ez dugu prestatu.

Hala ere, ideiaren batzuk izango dituzue buruan, pregoian esateko...

Pregoia irakurtzeak jendeari hainbat ideia transmititzeko aukera ematen digu: egunerokoan eta, bereziki, herriko jaietan, ematen diren sexu-erasoen kontrako aldarria zabaldu gura dugu. Festetan ezelako erasorik egotea ez dugu gura; sexu-indarkeriarik gabeko jaiak gura ditugu.

Zer nabarmenduko zenukete Algortako San Inazio jaiez?

Gazte gehienok elkar ezagutzen dugu, Algortan; pozgarria da denak kuadrillen jaitsieran parte hartzen ikustea. Jaiak hasi aurretik, dena prestatzen ibiltzea ere oso dibertigarria da.

Zelan balioesten duzue jai-batzordeak egiten duen lana?

Ikaragarria da egiten duten lana: haiek antolatzen duten den-dena; gugaz pazientzia handia daukate!

Zeuen burua jai-batzordean ikusten duzue etorkizunean?

Bai. Ez legoke txarto. Hala ere, gazteegiak gara oraindino, horrelako saltsetan sartzeko.

Zer gurago duzue jaietan parte hartzea ala ikusle izatea bakarrik?

Dibertigarriagoa da probetan parte hartzea, beste kuadrillakaz. Gauean irtetean konturatzen gara jaietan parte hartzeak daukan garrantziaz.

Berriro irabazteko aukerarik?

Uf! Oso zail ikusten dugu aurten ere Algortako San Inazio jaietako kuadrillen txapelketa irabaztea.

Zelan erakarriko zenukete jendea Algortako San Inazio jaietara?

Oso giro polita egon ohi da Algortako San Inazio jaietan. Lehenago aipatu legez, ez da gauza bera festetara ikusle soilak bailiran etortzea edo jaietan murgiltzea, zu ere ospakizunetako eragile bihurtuz. Herriko festetan modu aktiboan parte hartzera animatu gura ditugu guzti-guztiak; kuadrillen proba denak irekiak dira, gainera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun