Zein dira urte hauetan guztietan antolatu dituzuen jaien ezaugarriak?
Jai euskaldunak, herrikoiak, parte-hartzaileak eta parekideak bultzatu izan ditugu 50 urte hauetan. Horrez gainera, adin guztietako lagunentzako ekitaldiak antolatzea izan da gure helburua, sortu ginenetik gaur egunera arte.
Zer daukazue esateko jai-batzordetik igaro diren guztiei?
Batez ere ondorengo belaunaldiei eman dieten bultzada eskertu gura genieke hasierako urteetan jai-batzordean ibili zirenei; eurek eman diete izena eta izaera Itzubaltzeta / Romo herriari, 50 urte hauetan. Mende erdian, kolorez bete dituzte kaleak: eurek asmatu zuten poteo-rallya; garai batean, pultsu-txapelketa egiten zuten... Domekako tortilla-lehiaketa ere eurek ezarri zuten.
Musu-truk antolatzen dituzue jaiak...
Bai. Herritarrak pozik ikustea nahikoa da guretzat. Jaiek irauten duten bitartean, gauez eta egunez ikusten duzu jendea kalean: lagun asko ordu gutxi batzuk lo egiten dute, goiz altxatzen dira, eta zapia berriro lepoan ipini ostean, kalean dira beste behin ere. Horrek guztiak animatzen gaitu jaiak antolatzen jarraitzera.
Hala ere, dena bertan behera uzteko gogoa ematen duen momenturen bat egongo da, ezta?
Gutxi gorabehera, urtean hamar hilabetez ibiltzen gara lanean: Olentzeroren etorrera, Kuadrillen Eguna, Aratusteak... antolatzen ditugu. Hala ere, Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaiak hasteko aste bi falta direnean izaten da momenturik delikatuena. Jai-batzordeko kideok hainbat ekitaldi izaten ditugu zehazteko, eta dena ondo irtetea da guztion nahia; tentsioa eta urduritasuna nabari daiteke batzarretan. Urte luzez festen antolaketan ibili garenok badakigu horiek guztiak zelan kudeatu.
Trabak ere ez ziren gutxi izango, urte hauetan guztietan...
Udalek ipintzen dizkigute trabarik handienak: ez dakit zenbat paper eta baimen bete eta eskatu behar izaten ditugu, anbulantziakaz ere arazoak izaten ditugu... Eta ezin dugu ahaztu behin Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu behar izan genuela, liburuxkako iragarki bat gora eta behera; azken urteotan izan dugun arazorik potoloena hori izan zen.
Zein da 50 urtean jaien antolaketan ibiltzeko sekretua?
Herria ezagutzea eta Itzubaltzeta/Romo horren berezia izatea dira gakoak; Romo da sekretua.
Ekitaldi berezirik antolatu duzue mende erdia ospatzeko?
Aurten, kontzertu bereziak, belaunaldi arteko ekitaldia eta bazkaria, gala-dantzaldia eta omenalditxoa egongo dira; urte hauetan guztietan jai-batzordean ibili direnei gorazarre egingo diegu.
Beste 50 urtez aurrera jarraitzeko prest zaudete?
Noski baietz. Gero eta gazte gehiago etortzen da jai-batzordeko batzarretara; txanda-pasa egiteko jende nahikoa daukagu. Jai-batzorde honek, gutxienez, beste ehun urte gehiago irautea gustatuko litzaiguke.