Movillak kaleratze-auzia irabazi du

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 13a, 11:30

Movilla, Barakaldoko futbol-zelaian, 2016-17 denboraldian. © JOSÉ JIMÉNEZ - BARAKALDO FUTBOL-KLUBA

David Movilla futbol-entrenatzaile itzubaltzetarrak irabazi du Barakaldoko klubaren aurkako auzia, lehenengo instantzian. Hala, epaitegiak ebatzi du Movillaren kaleratzea "ezegokia" izan zela eta klub hori-beltzak kalte-ordainak eta prozesu-kostak ordaindu beharko dituela. Halere, Barakaldo futbol-taldeak helegitea ipiniko du EAEko Auzitegi Gorenean.

Klubak oraindik ez du epaia jaso, baina herenegun egindako batzar nagusi gatazkatsuan, onartu zuen datorren denboraldiko kontuetan 86.000 euroko diru-partida bat ezartzea, behar izanez gero, Movillari ordaintzeko. Itzubaltzetarrak kontratuan sinatuta zituen hiru denboraldien soldatak eta kirol-emaitzengatik legozkion aparteko diru-kopuruak eskatu zituen, gutxi gora behera 86.000 euro. Teknikoa martxoan kaleratu zuten, zuzendaritzagaz eta idazkari teknikoagaz zenbait desadostasun izan ondoren.

Orlando Sáiz Barakaldoko presidenteak batzarrean azaldu zuenez, epaiketa egin aurretik alde biek akordio batera iristen ahalegindu ziren. Klubak eskatutako diruaren %50 eskaini zion Movillari eta entrenatzailea prest agertu zen %80 onartzera. Negoziazioek aurrera egin zuten eta portzentajeak hurreratu ziren: %60 eta %75. Halere, elkarrizketa horiek apurtu ziren martxoan gertatutakoaren kontakizuna finkatuko zuen komunikatu bateratuan adostasunik ez zelako egon. Klubak uko egin zion ezeztatzeari Movillaren aurka orain dela lau hilabete esandakoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun