Mireia Arrillaga eta Luke Burns nagusitu dira Getxoko triatloian

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 26a, 16:10

Atletak proba hasi aurretik. © GETXO KIROLAK

Joan den zapatuan jokatu zen Agustin Ugarteren omenezko Getxoko IV. Triatloia. Bertan, Mireia Arrillagak eta Luke Burns-ek irabazi zuten. Triatletek proba ederra eskaini zuten.

Emakumezkoen mailan, bazirudien Brittany Dutton australiarrak lortuko zuela garaipena, kontuan izanda igerialdian bi minutu eta erdiko aldea lortu zuela Itziar Portero eta Mireia Arrillaga arerioekiko. Bizikleta saioak, igoera gogorrik eduki ez arren, zentzuz jokatzea eskatzen zuen. Prestatutako ibilbideak ez zuen ematen aukerarik arnas hartzeko, beti gora eta behera ekin behar zioten triatletek, eta hori gutxi balitz, haizeak ere parte hartu zuen kontuak zailtzeko. Baldintza horietan, eta saio ikaragarria egin ondoren, Arrillagak ia bi minutu murriztu zizkion Duttoni. Bizikletaz egindako lan txukunari, jarraipena eman zion Arrillagak korrikako azken zatian, eta hortaz, australiarra harrapatu eta gainditu zuen garaipen handia lortuz.

Gizonezko kategorian, tarteak txikiagoak izan ziren igerialdian, eta minutu bitan 20 triatleta inguru aurkeztu ziren aldaketa-gunean, bizikleta hartu eta bigarren saio gorabeheratsuari ekiteko. Hala, Egoitz Zalakain nabarmendu zen, eta hamalaugarren postuan hasi ondoren bizikleta saioa, lasterketa buruan ipini zen bigarren aldaketa-gunean, nahiz eta arazotxoren bat eduki triatloiko manilarraz. Lehia izugarria ikusteko aukera izan zen, Zalakainen eta Burnsen artean. Australiarrak erritmo bizia jarri zuen, eta Zalakain ahalegindu zen arren, ezin izan zion eutsi. Hortaz, Luke Burns, australiar gaztea agertu zen lehena helmugan.

Emakumezkoen sailpena

  1. Mireia Arrillaga, Garraitz kirol-taldea. 02.34.17
  2. Britanny Dutton, Qaz Squad. 02.35.37
  3. Estefanía Gómez Villanueva, independentea. 02.40.39

Gizonezkoen sailpena

  1. Luke Burns, Waz Squad. 02.13.10
  2. Egoitz Zalakain Erbiti, independentea. 02.14.28
  3. Gorka Bizkarra Etxegibel, ANB Urdaitri Motrivation. 02.17.39
Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun