Romo Kultur Etxeko atzealdeko lursaila Udalarena dela berretsi du Getxoko alkateak

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 9a, 16:33

Romo Kultur Etxearen atzeko partean dagoen lorategia okupatu gura izan zuten atzo Bycam enpresako langileek. © GETXOKO UDALA.

Romo Kultur Etxearen atzealdeko lursaila Getxoko Udalaren jabegoa "izan dela eta izaten jarraitzen duela" dio Imanol Landa alkateak. Udal-iturriek azaldu dutenez, egoera horren berri eman zaie aipatutako eremuaren alboko jabekideen erkidegoetako ordezkariei, aldez aurretik egindako hainbat batzarretan. Horietan, alkateak gogora ekarri duenez, "txosten bat eman zaie Udalaren jabegoa egiaztatzen duen frogak jasotzen dituena". Hala erantzun gura izan die Gobernu-taldeak zenbait auzokidek egindako salaketari, Udalari jabego pribatu bat "okupatzea" leporatzeagatik.

Jabekideen erkidegoakaz egindako batzarretan, gainera, aipatutako gunea birgaitzeko Gobernu-taldeak prestatu duen proposamena helarazi zitzaiela azaldu dute arduradunek. "Eta Udalak edozein espaziotan esku hartuko duenean egin behar duenez, lursailaren titulartasuna udalarena dela egiaztatu da, udaletxean eskuragai dagoen dokumentazioaren arabera", azaldu du Getxoko alkateak.

Udalaren titulartasuna frogatzen duen dokumentazioa jabekideen erkidegoetako ordezkariei eman zitzaien iragan ekinean izandako bilera batean, Landak adierazi duenez, "dokumentazio hori egiaztatzeko. Eta Udalak duen hori gezurtatzen duen beste bat edukitzekotan, zenbait auzotarrek hori diotela dakigunez, ekar dezatela eskatu genien, gaia aztertu eta behin betiko argitzeko. Gaur egun erantzunaren zain gaude, baina, printzipioz, argi daukagu Udala gisa ez diogula uko egingo, udal-zerbitzu juridikoen arabera, getxoztar guztiena den jabegoari".

Udalak aurreikusitako jarduketaren arabera, lursail hori "egokitu eta nabarmen hobetuko" dute, oinezkoentzako lorategi berri bat atonduz, "Itzubaltzeta/Romo eta Getxoko auzotar guztiek gozatu ahalko dutena", azaldu du Landak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun