Eguerdiko 12:00etan iritsi ziren Telletxe eta Algortako Etorbidea kaleetako bidegurutzera Tosu Betirako kolektiboko kideak. Lehenik eta behin, "Ibarbengoako obrak ilegalak dira. Etorri erresistentzia-akanpadara!" pankarta ipini zuten, Telletxe higiezinen agentziaren parean, alde batetik bestera. Ondoren, ekintzaileetako bat errepideko errailetako bat moztu zuen, besoa hormigoiz betetako bidoi baten barruan zeukala. Uneoro, dozenaka lagunek eman zioten babesa, obrak laster hasiko direla ohartarazi zuen pankarta aldean zeukatela.
Handik hogei minutura iritsi ziren Telletxe ingurura Getxoko udaltzainak. Hala ere, eurek trafikoa bideratzeko agindua baino ez zeukatela adierazi zieten Tosu Betirako kolektiboko kideei. Hamar minutu beranduago bertaratu zen Ertzaintzaren patruila-autoa; ordu laurden beranduagorako, sei ertzain zeuden bertan. Kalez jantzita, azken horien nagusi bi ere gerturatu ziren protestaren tokira; eurek lasai egon artean, polizia autonomikoek ere lasaitasun osoz jokatzeko asmoa zeukatela adierazi zieten ekintzaileei. Identifikatu bai, baina, "kateatutako" gaztea ez zutela atxilotuko adostu zuten ere bai. Ertzainek suhiltzaileak deitu zituzten; hala ere, 13:45ak arte ez ziren iritsi: ia ordubete behar izan zuten gaztearen besoa bidoitik askatzeko.
Hormigoiaren lagin bat
Tosu Betirako kolektiboko kideen iritziz, Ibarbengoako parkingaren proiektua "Andra Mari auzoa urbanizatzeko aitzakia baino ez da". Diotenez, parkingaren inguruko "edozein motatako parte-hartzea edo eztabaidatzeko aukera ukatu" diete herritarrei. "Guzti honengatik, herri guztitik barreiatu nahiko luketen hormigoiaren lagin bat ekarri dugu. Ekintza publiko, baketsu eta kolektibo honen helburua, Getxoko Udalak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak getxoztarrei ukatzen digutena eskaintzea izan da, gure etorkizunaz lasai pentsatzeko eta eztabaidatzeko aukera ematea, alegia", azaldu dute ekintzaileek.
Tosuko landan egindako kanpaldiei esker, "obrak birritan atzeratu dituztela" diote ekintzaileek. "Irailerako desalojo-agindua daukagu. Horregatik, hirugarren kanpaldia antolatu dugu, parkinga behin betirako gelditzeko itxaropenaz. Horretarako, guztion bultzada beharrezkoa izango da. Adi mobilizazioetara eta animatu kanpaldira", amaitu dute Tosukoek.