Bàrbara Pla: "Oso gogorra izan da gure mailarik onena eskaintzera ezin iristea"

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 6a, 17:19

Jaunarena, Barrutieta eta Pla, munduko txapelketan. © GETXO RUGBY TALDEA

Joan den astean amaitu zen Irlandan jokatutako Emakumezkoen Munduko Errugbi Txapelketa. Txapelketa horretan, selekzio espainiarrak Getxo Errugby Taldeko lau jokalari zelairatu zituen: Bàrbara Pla, Saioa Jaurena, Uribarri Barrutieta eta Carmen Pérez. Bàrbara Pla errugbilari hori-beltzak bere iritzia eman du gaur, "lehoi emeakaz" jokatu izanaz: "Munduko txapelketa bat bizitzea beti da berezia, onenen artean egoteko moduko maila duzula erakustea".

Bàrbara Pla lehiaketako protagonistetako bat izan da. Jokalariak adierazi du maila horretako norgehiagoka baten parte hartzea aparteko esperientzia dela: "Munduko txapelketa bat bizitzea beti da esperientzia berezia, munduko jokalari onenen artean egoteko moduko maila duzula erakusteko aukera ematen dizulako". Plak azpimarratu du txapelketa osoan beste selekzio batzuakaz izan duten harremana ezin izan dela hobea izan, talde horiekaz egoitza konpartitzen zutelako eta egunero eurekaz bizi zirelako, “elkarregaz bizi ginen eta horrek sinergia asko sortzen zituen; horrek jende oso interesgarri asko ezagutzeko aukera ematen dizu”.

Bere ustean, Munduko Txapelketa jokatzea errugbilari batek izan dezakeen asmorik gorenetakoa da, "horrelako txapelketak jokatzeak norberaren mugak ezagutzeko bidean jartzen zaizu". Selekzio handienak, besteak beste ingelesa, frantsesa edo Zeelanda Berrikoa ezagutzea eta hurbiletik ikustea aukera ezin hobeak dira kirol horretan gehiago ikasteko, "zuk jokatzen duzun kirolaren elitean egotea funtsezko ikasteko esperientzia da".

Txapelketan lortu dituzten emaitzei dagokienez, Plak dio apur bat etsita dagoela: "oso gogorra izan da gure mailarik onena eskaintzera ezin iristea; horrek min egiten digu", baieztatu du jokalariak. "Taldearen asmoak ausartak ziren; guk bosgarren postutik zortzigarrenera artekoan kokatu nahi genuen, baina ezinezkoa izan da". Dena dela, jokalari hori-beltzak uste du dena ez dagoela norberaren pentzura, etsaiek ere beti izaten dutelako zeresan handia, "lehiaketa horretan aurrekoan baino maila altuagoa egon da". Gainera, uste du, "orduan jokatu genuena baino joko hobea garatu dugula eta, hori gorabehera, postu bat beherago sailkatu gara".

Azken partida

Italiaren aurkako azken partida galtzeari dagokionez, iritzi dio partida bere taldearen eskuetan egon zela, baina ez zirela amaiera emateko gauza izan, horretarako aukera izan zutenean: “gauza ginen arerioei min egiteko eta bat edo bi entsegu lortuta partidari amaiera emateko, baina onberak izan ginen”. Luzapenari buruz, hauxe errepikatu du Plak: “luzapenaren lehen zatian aukerak izan genituen, baina orduan ere gehiegi barkatu genuen”.

Bere irizpidearen arabera, luzapenean gertatu zen drop-ahalegina "okerreko erabakia izan zen". Hegaleko bere kokapenetik egoera ikusita Plak azaldu du ostikoa jotzeko presio gehiegi zegoela eta, hori ez ezik, baloi konplikatua zela; dena dela, bere taldekidearen erabakia defendatzen du, "Patrik oso oin ona du eta baloia sar zezakeen".

Sei Nazioetakotik kanpo

Jokalariak selekzioaren lehiaketen egutegia kritikatu du; bere iritziz, "guretzat oso kaltegarria da" Sei Nazioen txapelketan parte hartu ezin izatea, behin eta berriz frogatu arren parte hartzen duten selekzio batzuen zuzeneko eta mailako arerioak direla, "erakutsi dugu gauza garela Italiari ia beti irabazteko eta Eskoziaregaz ere gauzak oso orekatuta daude".

Jokalari getxoztarrak dio seguru dagoela hurrengo urteotan emakumeen selekzio espainiarraren bilakaera ona izango dela: "beti dago etorkizuna. Egia da, bai, belaunaldi-aldaketa gertatuko dela eta posizio batzuk labur geratuko direla baina, azkenean, dena dago prestakuntzan eta teknifikazioan burutuko den lanari lotuta". Plak dio taldeak baduela potentziala eta baieztatu egin du taldeak urtean zehar gehiago jokatzeko aukera izango balu asko hobetzea lortuko lukeela.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun