Ezustea hartu zenuen Getxophoto jaialdiko komisarioa izatea proposatu zizutenean?
Getxophotoren aurreko edizio batean, Itxialdian parte hartu nuen; beste batean, berriz, ikastaroa eman nuen. Beraz, jaialdia antolatzen duen Begihandi elkarteko kideekin elkarlanean jardun izan dut lehenago ere. Gainera, ondo ezagutzen ditut Getxophoton komisario izandako Christian Caujolle-ren ibilbide artistikoa eta jaialdiaren beraren kalitatea. Proposamena egin zidatenean, pribilegiotzat hartu nuen; izan ere, ideiak eta proiektuak askatasun osoz garatzeko bitartekoak izatea desiragarria da edozein sortzailerentzat; eta hori eskaintzen dizu Getxophoto jaialdiak. Besteak beste, nire buruhausteetako bat zen gure proiektuen ikusleekiko komunikazio zuzena zelan gauzatu; horretan sakontzeko aukera izan dut.
Londresetik Bilbora itzultzeko aukera eman dizu Getxophoto jaialdiak, ezta?
Bai. Alor pertsonalaren aldetik, une berezian egin zidaten Getxophotoko komisario izateko proposamena: hain justu, 30 urte ziren Bilbotik Londresera joan nintzenetik. Horrek ez du esan nahi urte horietan guztietan Euskal Herrira etorri ez naizenik; senideei eta lagunei bisita egin diet, noizean behin. Baina, alor profesionalean, proiektu txiki gutxi batzuk baino ez ditut egin berton etxean. Nire ogibideari dagokionez, sorterrira itzuli naizela ematen du. Bilbon jaio eta hazi arren, Britainia Handian lan egin izan dut urte hauetan guztietan; eta han hazi naiz alor profesionalari dagokionez. Esan daiteke, orain dela hiru hamarkada atzean utzi nuen lekua berriro ezagutzen nabilela, Getxophotoren eta argazkilaritzaren bitartez.
Zeintzuk dira argazkilaritza-jaialdi bateko komisarioaren betebeharrak?
Lan zehatz batzuk izan ohi ditu argazkilaritza-jaialdi bateko komisarioak. Hala ere, Getxophoton, horiek eta beste batzuk ere egiten jardun dut; elkarlanean ibili gara denok, batak besteari laguntzen eta, teorian, ez zegozkigun beste lan batzuk egiten. Atsegin handiz hartu ditut betebehar horiek guztiak. Komisario baten betebeharrei dagokienez, bera izaten da jaialdiko gaia mahaigaineratzen duena. Behin ideia hori oinarritzat hartuta, horrekin bat egin dezaketen lanak topatzen ahalegintzen da lantaldeko kide hori; lanak ezin dira bakarka eta bereizita hartu; lanak elkarri lotzea, harilkatzea beharrezkoa da, gai nagusia kontuan hartuz, zentzua izan dezaten.
Trantsizioak da Getxophotoren aurtengo goiburua, eta datozen hiru urteetakoa ere bai.
Ohi den legez, komisario izateko aukeratzen dutenak hiru urtean lan egiten du Getxophoton; eta gaia ere berbera izaten da hiru urte horietan. Hala ere, horrek ez du esan nahi gaiak ikuspuntu bera duenik urte batetik bestera. Aurtengo Getxophoton ikusi ahal izango diren lanen ardatzak dira klima-aldaketaren inpaktua zein hazkunde global oso bizkorraren eta gehiegizko kontsumismoaren eraginak. Trilogia moduan aurkeztu ditugu eta kezka komun bati helduz, hau da, etorkizun hurbilaren kezkari. 2017ko Trantsizioakek askotariko diziplinetako narratiben alde egiten duten mundu osoko irudi-kontatzaileen lana erakutsiko du. Bestalde, egoera edo baldintza batetik bestera aldatzeko prozesu edo aldi moduan ulertuz gero, Trantsizioak gaiak hizketaldi askoren hasiera izan nahi du, gizarte- eta partaidetza-hizketaldi zabalago baten barruan, guztiok garelako kanpoan gelditu ezin garen kontakizun bateko protagonistak.
Eta hurrengo urte bietan zein ikuspuntutik helduko diozu Trantsizioak gaiari?
Aurten, gaia modu orokor batean jorratzea interesgarria iruditzen zitzaidan; globalizazioaren ondoko garaiaz hitz egiten dut. Kontuak hala, existentzia globalizatu batek eragindako ondorioak kontuan izan ditut aurten. Getxophotoren hurrengo edizioari dagokionez, gizarte-kontratuaren birplanteaketa tribua izango dugu berbabide. Azkenik, 2019an, Homo Sapiensaren eta bere izatearen mutazio berezien miaketa egingo dugu, eraldaketa azeleratuak bizi ditugun aldi honetan; hau da, norbanakoa aztertuko dugu.
Aurtengo jaialdian, salatzeko helburuz ere erabili gura duzue argazkilaritza, ezta?
Nire ustez, historiak eta istorioak kontatzeko balio duen tresna da argazkilaritza. Egia da, argazkiak baliagarriak izan daitezkeela aurretik bururatu ez zaizkizun gaiak azalerazteko ere; baita egoera bat salatzeko ere, dokumentalista zein den kontuan hartuta. Hala ere, ni beti ahalegintzen naiz gaitegi oso zabala mahaigaineratzen; horrela hausnarketa egiteko aukera ematen dudalako. Nik nire pentsamoldea badaukat, baina ez dut beste inorena bideratzeko erabiltzen; hausnarketa sustatzen saiatzen naiz. Aberasgarriagoa da, inoren pentsamoldea alde batera edo bestera bideratzea baino.
Argazkiez gainera, ikus-entzunezko lanak ere ikus daitezke Getxophoto jaialdiaren aurtengo edizioan.
Argazkilaritzaren barruan, beti jorratu nahi izan ditudan arloak hiru dira, nagusiki. Batetik, berrikuntza daukagu: kontatzeko modu berriak gogoko ditut. Getxophotoren aurtengo egitarauan ikus dezakezuenez, Elkarrizketa berriak izenburua ipini diogu Algortako Torrene Aretoan ikus daitekeen erakusketari; adibide argiagorik! Bestalde, kontatzeko modu horiek arlo digitalean sor daitezkeen arren, ez dute teknologian eta baliabide digitaletan oinarritu beharrik. Esaterako, abiapuntua interpretazioan daukan Nobuko Tannawa-ren lan bat dago, horretan eguneroko egoerak birsortzen ditu. Egoera horiek berregitea da gakoa; ez begien aurrean daukazun hori irudikatzea bakarrik, are gehiago ere bada.
Zein da jorratu duzuen bigarren arloa?
Esperimentazioaren barruan, aurten lehentasuna eman diegu argitalpenak, hau da, objektu ukigarriak, oinarritzat dauzkaten ikastaroei. Batetik, nire ustez, munduan dagoen artelanik berezienetako bat da eskuz egindako argazki-liburua. Hori dela eta, Yumi Goto ekarri dugu aurtengo Getxophotora; bera da mota horretako obrak eskuz egiten dituen artistarik esanguratsuenetariko bat, mundu-mailan. OStera, espektroaren beste aldean, The Photocopy Club etorri zaigu Getxora. Horiek fanzinea erabiltzen dute istorioak edo historiak kontatzeko bitartekotzat; eta, horrez gainera, horretarako, zuri-beltzeko fotokopiagailua erabiltzen dute. Ostean, orrien zatiak ebaki egiten dituzte, eta, gero, itsatsi egiten dituzte. Izugarri polita da!
Arte-areto pribatuakaz elkarlanean diharduzue?
Elkarlana da jorratu gura nuen beste arloetako bat; horren barruan, Bilboko arte-areto pribatu batzuekin Bilbao connection ekitaldia sortu dugu; horiek ere bisita ditzakete Getxophotoren zaleek. Zelanbait, Getxoren eta Bilboren arteko elkarrizketa bat bilatu nahi izan dugu; gune publikoen eta komertzialen arteko hizketaldia, alegia.
Getxophoto jaialdiaren zer nabarmenduko zenuke?
Jaialdi honen gaineko kontuetatik gehien harritu nauena ondoko hau izan da: demografiari dagokionez, oso demokratikoak diren ikusleak dauzka Getxophotok. Batetik, udalerriko bertoko ikusle fidelak dauzka jaialdiak, herritarrek sortutako ekimena delako, gehienbat. Hemengo ikusleek alde hori balioesten dute, asko. Bestetik, «bisualki heziak» daudenengana ere heltzen dira jarduerak. Azkenik, nazioarte-mailan ere isla dauka festibalak. Horren adibide da Getxophoto osorik bisita daitekeela errealitate birtualeko betaurreko batzuk erabiliz, munduko edozein lekutatik, gaur egun. Jaialdiaren betiko ideia batean oinarritzen da: herri-mailatik, nazioartera. Geografikoki, ez dago mugarik. Getxophotok ez du bereizketarik egiten; edozeinek parte har dezake jardueretan; ez «bisualki heziak» direnek bakarrik.