Igogailu bat ipiniko dute Algortako Portu Zaharreko irisgarritasuna hobetzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 21a, 14:07

Igogailu berriaren infografia. © GETXOKO UDALA

Algortako Portu Zaharrean igogailu panoramikoa eraikitzea onartu du Getxoko Udalak. Gainera, Genaratxu eta Usategi parkea lotzen dituen pasealekua hobetzea aurreikusi du. Horretarako, 700.000 euroko aurrekontua izango dute eta lanak amaitzeko epea bost hilabetekoa izango da, obrak hasten direnetik. Hala, urtebete barru dena bukatuta egotea aurreikusi dute udal-arduradunek.

Imanol Landa Getxoko alkateak azpimarratu duenez, "proiektu hau 2017ko aurrekontu parte-hartzaileetan sartuta dago (milioi bat euro bideratu dira horietara) eta, hortaz, hiritarren ekarpen eta eskaeren emaitza da. Albiste aparta da Portu Zaharrarentzat, bertako bizilagunek mahai-gaineratutako aldarrikapen historikokoetako bat gauzatuko baita: auzoko irisgarritasunaren arazoa hobetzea, baita bisitatzen gaituztenentzat ere". Izan ere, oztopo arkitektonikoak kenduko dira eta, halaber, Genaratxu eta Usategi parkearen artean dagoen pasealekua hobetuko da; horri esker, oinezkoentzako ibilbide natural oso polita izango da. "Hartara, Portu Zaharreko auzotarrekin batera egindako lanean aurrera egiten jarraitzeko urrats berri bat egiten dugu, Getxoko espazio adierazgarri hori hobetzeko eta jarduteko hirigintzako irizpideak ezartzeko. Beraz, Portu Zaharreko auzokideen elkartearekin egindako lana eta auren konpromisoa eta akordioak bilatzeko borondatea baloratu eta aitortu nahi dut gaur ere", aipatu du alkateak.

Proiektua

Igogailuari dagokionez, Erribera kalea eta Portu Zaharreko amaieran dagoen lur gaineko aparkalekuaren artean dagoen tutuan kokatuko da, duela urte batzuk arte auzoko bizilagunek zarama botatzeko erabiltzen zutena. 15 bat metroko altuera duen desnibela gaindituko du. Gaur egun, Portu Zaharrean sartzeko bideak bi dira: Aretxondo kalea eta itsasoko pasealekua.

Hirigintza zinegotzia den Joseba Arregik azaldu duenez, "igogailuarekin oztopo natural eta arkitektoniko hori kenduko diegu bai jarduketaren hartzaile nagusi diren auzotarrei, bai aldian aldian bertara joaten garenoi bai eta bisitatzen gaituztenei".

Igogailua panoramikoa izango da, 75º-ko inklinazioa izango du eta batera 16 lagun (1.150 kg) sartu ahalko dira bidaia bakoitzean. Bi geraleku izango ditu ekipamendu mekanikoak eta goialdekoan 8 metro luzeko eta 2,5 metro zabaleko pasabidea ipiniko da, igogailuko ontziratze-guneagaz komunikatuko duena.

Horrez gainera, igogailuak bideozaintza-sistemak, teleagintea eta klimatizazioa edukiko ditu. "Ingurune babestu batean kokatuko da baina guztiz errespetutsua izango da harekin; izan ere, proposamenak Foru Aldundiaren Kultura eta Ondare Sailaren aldeko txostena jaso du. Inguruan arbolak ipiniko dira ezpondarekin guztiz integratzeko. Proposatutako soluzioak, igogailu bertikal eta babestua, Ereaga edo Aiboako igogailu inklinatuen mantentze kostuak baino txikiagoak ekarriko ditu", argitu du Arregik.

Gainera, behealdean, zelaigunean, espaloi bat eraikiko da, egun eskalinataraino iristen denagaz lotuko dena; hau da, 55 metro linealeko (275 metro koadro) espaloia izango da eta hiru argi-zutabe izango ditu, baita bankuren bat ere ontziratze-gune ondoan. Horrez gainera, lau aparkaleku berri jarriko dira, mugikortasun urriko pertsonentzat.

Oinezkoentzako bidexka hobetuko da

Proiektuan jasotako bigarren jarduketak, dirutan handiena dena, Genaratxu eta Usategi parkearen arteko oinezkoentzako bidexkaren hobekuntza aurreikusten du. Arregiren hitzetan, "konexio berria da, gure udalerriko gune oso berezi hori irisgarria egingo duena, auzoko gure bizilagun guztien zein bisitatzen gaituzten pertsonen mesederako".

Bide berriak, 210 metro luzerakoa, zabalera aldakorra izango du –beti ere 1,5 metrokoa edo handiagoa-, bidexkaren irudiari eutsiko dion zoru egonkortu bat, zoladura naturalizatu bati esker, eta alboak egur listoiakaz errematatuko dira. Argiztapenari dagokionez, 20 baliza inguru jarriko dira eta hori guztia indartuko da ere egun dauden argiteria publikoko zutabeakaz eta jarriko diren beste lau zutabe berriakaz. Lanek ukitutako guneak berriz urbanizatu eta landatuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun