Eguerdiko 13:30ean txupina botako dute gaur egun gaztetxea dagoen "Etxe merkea"-ren parean. Jarraian, Errekagane kalera hurbilduko dira, Itzubaltzeta gaztetxea zena gogoratzeko ekitaldia egiteko. Horren ostean, 15:00ak aldera, bazkaria egingo dute elizaren arkupetan; horretarako txartelak erosteko azkenengo eguna eguena izango da, Mona tabernan eta institutuan.
Gosea ase ostean, bingo musikatuak alaituko du giroa. Ondoren, poteoa hasiko dute kalerik kale eta tabernaz taberna, 18:30etik aurrera. Tragoxkak edan bitartean, jolasak egingo dituzte; horrez gainera, udalerriko musika-jartzaile gazteek musikaz poztuko dute poteoa. Egunari amaiera emateko, «gazte ordua» egingo dute Andros eta Topa tabernetan, 01:00 eta 02:00 bitartean.
Itzubaltzeta gaztetxearen lana
Itzubaltzeta gaztetxeko kideek egindako lana babestu dute Getxoko Udalbatza osatzen duten ia alderdi politiko denek, PPk izan ezik. Joan den apirilaren 19an erre ziren gune autogestionatua zegoen pabiloiak, eta udal-talde gehienek adierazi dute eraikin berri bat eraikitzea gogoko luketela, popularrek proposatutako ibai-parkearen aurretik.