Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzeta gaztetxearen lana goraipatu dute udal-taldeek

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 8a, 12:43

Pabiloien zati handi bat bota dute sutearen ondorioz.

Itzubaltzeta gaztetxeko kideek egindako lana babestu dute Getxoko Udalbatza osatzen duten ia alderdi politiko denek, PPk izan ezik. Joan den apirilaren 19an erre ziren gune autogestionatua hartzen zuten pabiloiak, eta udal talde gehienek adierazi dute eraikin berri bat eraikitzea gustatuko litzaiekeela, popularrek proposatutako ibai-parkearen aurretik.

Koldo Iturbe EAJren bozeramaile eta Kultur zinegotziak adierazi duenez, "gazte horiek egindako lana estimu handian dago auzoan", eta gazte horiekaz hartutako «konpromisoa» berretsi du: "sinatu duguna beteko dugu". Era berean, proiektuaren izaera "autogestionatua" goraipatu du. Oier Iturralde EH Bilduko zinegotziak ere gazte horiek babestu ditu, "aberastasun soziokulturala sortzen dutelako inguru horretan". Gainera, Paula Amieva GUK taldeko bozeramailea inguru horretan gaztetxe berri bat eraikitzearen alde agertu da. Popularrek, berriz, gazte horiei "pribilegioak"ematea deitoratu eta proiektu horren «xahutzea» salatu dute.

Iturbek gogoratu duenez, pabiloiak berreskuratu eta birgaitu ahal izanez gero, ideia da erabilera mistoa izatea: zati bat gaztetxea kudeatzen duen gazte kolektiboarentzat, auzokideakaz bizikidetzarako marko orokorra adostuta; eta beste zati bat Udalaren erabileretarako. Hori egin ahal izateko, gobernu-taldeak jakinarazi du udal teknikariak txosten bat prestatzen dabiltzala, inguru horren egoera urbanistikoa eta lurzoru horren etorkizuna zehazteko.

Imanol Landa Getxoko alkateak azaldu duenez, inguru horren erabilera ekipamendu publikotzat dago sailkatuta Hiri-Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO). Era berean, pabiloiak erosi eta horiek hiri-ingurunera egokitu eta estetikoki doitzeko konpromisoa dagoela gogoratu du.

Borrokan segitzeko konpromisoa

Joan den apirilaren 23an, zapatuan, Itzubaltzeta/Romoko AEK euskaltegia zena okupatu zuten 50 bat gaztek, gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko. Itzubaltzeta gaztetxearen kolektiboak ekintza "sinbolikoa" aldarrikatu zuen, "Itzubaltzetak gaztetxe bat behar eta izango duelako, borrokan jarraituko dugu!". Itzubaltzeta gaztetxeko kideek azaldu dutenez, gaztetxearen aldeko borrokak oraindino bizirik dirauela erakutsi gura izan zuten. Modu berean, azkeneko egun hauetan «herrian nagusitu diren emozio txarrak irauli eta borrokaren aspektu positiboak» azpimarratu gura izan zituzten.

Okupazioa Kalamua kaleko 11. zenbakiko eraikinean egin zuten, 1985etik 2003ra bitartean AEKko Ganbara euskaltegia izandakoan. Gaur egun eraikina hutsik dago eta bertan 8 turismo-apartamentu eraikiko dituela iragarri du Residencial Kalamua 11 SL enpresak. Haiz zuzen ere, sozietate horrek erosi zion eraikina AEKri iazko udan.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun