Fadura kirol-parkearen prozesua zalantzan jarri du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 22a, 12:35

Fadura kiroldegia, goitik ikusita. © GETXOKO UDALA

Fadura kirol-parkea diseinatzeko esleipenaren bigarren faseko plegua kaleratu du Getxo Kirolakek; berori salatu du EH Bilduk, "aldez aurretik aukeratutako" enpresa bat kontratatzera bideratuta dagoela iritzita. Hori dela eta, bigarren fasearen esleipena bertan behera uztea eskatu dute.

Koalizio abertzaleak deitoratu du esleipena lortzeko enpresek "beharrezkoak ez diren" hainbat eskaera bete behar dituztela, berbarako hiri eta arkitektura-diseinuari lotutako partaidetza-prozesuetan nazioko eta nazioarteko esperientzia izatea eta parte-hartzea ahalbidetuko duen software propioa garatu izana. Horren harira, uste dute baldintzok «beharrezkoak ez diren zailtasunak» jartzen dituela, Getxoko enpresen "kalterako".

Ostera, Getxo Kirolakek aintzakotzat hartu du prozedura ireki bat lizitatzea, teknikariek proposatzen dituzten behar guztiakaz. "Herriarentzat proiektu estrategikoa denez, erakundearen helburua da proiektuaren garapen ona bermatzea", azaldu du. Horrez gainera, arduradunek uste dute oso garrantzitsua dela enpresa lizitatzaileak "goi-mailakoak" izan daitezela ziurtatzea.

Bestalde, euskararen erabilerari dagokionez, EH Bilduk deitoratu du pleguetan ez dela euskara kontuan hartzen: "bitxia da oso herritarrekin harremanetan ibili beharko den enpresari euskararen inolako eskakizunik ez egitea". Horri erantzunez, Getxo Kirolakek iragarri du laster hasiko den parte-hartze prozesuan euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko dela, "Fadurako garagardotegi zaharreko eraikina berritzeko izandako prozesuan egin den bezala".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun