Fadura garagardotegi zaharreko eraikina berritzeko aurreproiektua garatu dute

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 20a, 16:04

Fadurako garagardotegia, gaur egun. © GETXOKO UDALA

Lau hilabetez lan teknikoa eta parte-hartze tailerrak egin ondoren, Getxo Kirolakek daborduko definitu du  Fadurako garagardotegi zaharreko ekipamendu berria izango denaren aurreproiektua. Azken hilabeteotan, hiru tailer antolatu dira eta bertan parte hartu dute gune hori erabiltzen zuten kirol klubek eta elkarteek, 2016ko otsailean sute batek eraikina kaltetu zuen arte. Horrez gainera, prozesuan gizarte eta kultura esparruko bestelako kolektiboek bat egin dute eta horien ekarpenak premiak antzemateko eta beste erabilera aukera berriak esploratzeko erabili dira.

Álvaro Gonzálezek Getxoko Udalaren Kirol saileko zinegotziak esan duenez, "klubekin eta elkarteekin garatutako lan kolektiboari esker garagardotegi berrirako aurreproiektu bat daukagu eta horretaz baliatuz, sutea gertatu baino lehen egiten genuen erabilera berreskuratu ahal izango dugu, Getxorako gizarte ekipamendu berri batean bilakatuz eta Fadurako gune garrantzitsuenetariko eta balio anitzenetariko batean bihurtuz".

Aurreproiektuak hala definitzen du ekipamendua: hainbat gela edukiko ditu, non, aldi berean, erabilera desberdinak garatu ahal izango diren, eta biltegiratzeko guneak, komunak eta sukaldea ere izango ditu.

Amaierako txostenak, parte hartu zuten erakundeei uztailaren amaieran aurkeztu zitzaiena, gainera, bigarren solairu partzial bat gehitzeko aukera aipatzen du, eta ondoren handitzea aurreikusten du, osagarrizko erabilerak eta bestelako erabilera iraunkor gehiago barne hartzeko: enpresa haztegia, lan-eremu partekatua, prestakuntzarako guneak, eta abar. Erabiltzen ez zen lursaila irekiko da plaza publikoa sortuz eta zuhaitzak eta ahal den begetazio gehiena kontserbatuko dira.

Fadurako kirol-parkea

Garagardotegiko aurreproiektuan parte hartzeko eta osatzeko lehenengo fase horregaz, "Thinking Fadura. Getxoko Kirol Parke Berria" abian jarri da; alegia, hiritarren partaidetza eta hiri diseinuko prozesu bat, Getxo Kirolakek sustatuta. Horregaz, Fadura kiroldegiko kanpoaldea gune publiko berri bat bilakatu nahi da: bertan, sarrera librea izango duen parke bat eta Getxo Kirolakeko harpidedunek kirola praktikatzeko instalazioak izango dira.

Laster, Faduran erakusketa bat antolatzea aurreikusi da, orain arte garatutako lanagaz eta, halaber, parte-hartze prozesu bat abian jarriko da kirol parke berriaren premiak definitzeko. Prozesua abian jarri eta hiritarrei bertan parte hartzeko gonbidatu arte, interesdunek azken hilabeteotan burututako diagnostikoa eta garagardotegiko aurreproiektua www.thinkingfadura.eus web orrian kontsultatu dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun