Iturribarrin alokairuko babes ofizialeko 136 etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatuko du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 28a, 13:34

Iturribarri urbanizatzeko lanetan daude oraindino.

Visesa sozietate publikoagaz lankidetza hitzarmen bat sinatzea onetsi du Getxoko Udalak, Iturribarrin alokairuko babes ofizialeko 136 etxebizitzako promozioa egiteko. Proiektua garatzeko, Udalak 3.000.000 euroko balioa duten orubeak emango ditu, baita 1.872.000 euroko diru-partida; eragiketa aurrera eramateko zenbateko osoa 18,3 milioi eurokoa izatea aurreikusten da. Hala, parte-hartzearen portzentajeak honakoak izango dira: % 60 Visesarentzat, % 26 Getxoko Udalarentzat eta % 14 Eusko Jaurlaritzarentzat.

Etxebizitzok, gutxienez, 25 urtez alokatu beharko dira eta honako hauei zuzenduko zaizkie: gutxienez azken 3 urteetan Getxon etengabe erroldatuta egon direnei, eta azken 10 urteotan behin baino gehiagotan erroldatu direnei, gutxienez orain dela 5 urte inskribatu baziren lehenengo aldiz. Etxebizitza horiek adjudikatzeko, EAEko araudian ezarritako baldintzak eta eskuratzeko betekizunak beteko dira.

Gaur egun, hartzaileek urtean 3.000 eta 25.000 euro arteko errenta izan behar dute araubide berezirako, eta 9.000 eta 39.000 euro artekoa araubide orokorrerako, talde bereziak izan ezik. Gobernu-taldeak jakinarazi du erroldatutako getxotarren % 77k alokairuko etxebizitza eskatzen duela.

Hitzarmena sinatzearen alde agertu ziren atzoko osoko bilkuran Gobernu-taldea (EAJ eta PSE-EE), PP eta Ciudadanos; ostera, GUK Getxo eta EH Bildu abstenitu ziren.

Uztailean etxebizitza horiek sustatzeko kreditu gehigarriagaz egin zuen bezalaxe, PPk puntu horren aldeko botoa eman zuen. Hala ere, Gobernu-taldearen lorpena ez dela azaldu zuten popularrek: "etxebizitza hauek duela 8 urte aurkeztu ziren, eta ez dira merkatura aterako 2012 edo 2022ra arte". Ostera, Ciudadanoseko zinegotziak azaldu zuen albiste ona zela Getxoko gazteriarentzat.

Bestalde, GUK Getxo taldeak alde positibo batzuk ikusi zizkion akordioari, baina uste du beste batzuk hobetu ahal direla. Zehazki, adierazi zuenez, "Gobernu taldea inkoherentea da, dirua desbideratzen baitu obra erraldoiak egiteko zorua erosteko, Getxo Antzokiaren kasuan, adibidez. Etxebizitza plana Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenari lotuta egon behar da, eta hori ez denez hala, segurua ez den eremu batean egingo da, urak har dezakeen ingurua baita”.

EH Bilduk azpimarratu zuen hori ez dela bere taldeak gura lukeen akordioa, kudeaketa zuzen eta publikoaren aldekoak baitira: "Esate baterako, ez da zehaztu etxebizitzen emakidaren 25 urteen ostean zer gertatuko den; etxebizitzen parke sozialean sartuko diren ala saldu ahal izango diren...".

EAJk eta PSE-EEk Etxebizitza Plana bultzatzeko lortu zuten akordioaren balioa nabarmendu zuten, batez ere gazteei zuzendua, "alderdien artean gai honetan dagoen adostasun zabal bakarra".

Jarduera horregaz, babestutako 354 etxebizitza berri eraikiko dira Benantzio, Sarrikobaso, Iturribarri, Konporte eta Ormazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun