Alokairuzko 136 BOE sustatuko ditu Getxoko Udalak Iturribarrin

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 27a, 11:58

Iturribarri ingurua urbanizatzen ari dira egunotan. © 2017 GOOGLE

Getxoko Udalak 1.311.000 euroko kreditu gehigarria onetsi du Algortako Iturribarri aldean babes ofizialeko 136 etxebizitza (BOE) alokairuan sustatzeko. Horretarako, Visesa sozietate publikoagaz hitzarmena sinatu dute. Kreditu horrez gainera, ekaineko osoko bilkuran 2 milioi euroko beste kreditu gehigarri bat onetsi zen, Venancion beste 54 BOE eraikitzeko.

Visesarekiko hitzarmena aurten izapidetuko da; horri esker, erregimen berezian alokatzeko 88 BOE (gizarte-laguntzakoak) eraikiko dira, eta erregimen orokorreko 48. Etxebizitzok, gutxienez, 25 urtean alokatu beharko dira eta honako hauei zuzenduko zaizkie: orain dela 3 urte edo gehiago udalerrian erroldatu ziren getxotarrei (bajarik eman ez badute), eta azken 10 urteotan behin baino gehiagotan erroldatu direnei, gutxienez orain dela 5 urte inskribatu baziren lehenengo aldiz. Lanaren behin-behineko parte-hartze portzentajeak % 60koak dira VISESA sozietateari dagokionez, % 26koak Getxoko Udalaren kasuan eta % 14koak Eusko Jaurlaritzaren aldetik (diru-laguntzen bitartez).

Atzo, eguaztenean, osoko bilkuran jazotako eztabaidari dagokionez, PP taldeak ziurtatu zuen etxebizitza sortzeko plangintza-garapen guztien alde bozkatuko duela, nahiz eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) eta berorren berrikusketa geldituta egon. GUK taldeak, ordea, proposamena errefusatu zuen "ingurumena eta haren arrisku-eremuak, hala nola uholdeak gertatu daitezkeen guneak, barne hartzen eta errespetatzen dituen hirigintza politikaren alde egiten dugulako". Bestalde, EH Bildu etxebizitza politika integral baten alde azaldu zen, eta adierazi zuen Udalari dagokiola hura sustatzea: "Neurri partzialak hartzen ari dira, baina oso motel ezartzen dituzte. Oraindik gaude HAPO berrikusteko zain".

Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE), berriz, nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzak zehazten dituela zein diren derrigorrez bete beharreko betekizunak uholdeak gertatu daitezkeen guneetan ez eraikitzeko, eta honako hau esan zuen: "Getxoko plangintzan eta hirigintza garapenean aurrera egiteko irtenbidea erabaki politikoa egitea da, baina hori hemen gauden talde politikoen nahiaren menpe dago".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun