Herri-kontsultak Uribe Kostan

Getxoko GED: "Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?"

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 4a, 11:18

Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzean aurkeztu zuten galdera, urriaren 1ean.

Datorren azaroaren 5ean egingo duten herri-galdeketaren itauna zein izango den jakinarazi zuen joan den domekan, urriaren 1ean, Getxoko Gure Esku Dagok. Hala, galdeketara deitutako udalerriko auzokide denek honi erantzun ahalko diote: "Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?".

Gure Esku Dagokoek jakinarazi dutenez, galdera horixe bera egingo dute Berangon eta Erandion ere. Itaun horren bidez, subjektu bat definitu gura dute, "kanpoko esku-hartzerik eta bere borondateaz haragoko mugarik onartzen ez duen subjektu bat, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borondatea agertuko dugu".

Urriaren 1ean aurkeztu zuen Getxoko Gure Esku Dago taldeak azaroaren 5ean egingo duen galdera, Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzean bertan. "Kataluniako gizartea bizi duen egoera guztiz larria da. 'De facto' salbuespen egoera ezarri dute Espainiako Gobernuak eta estamentu judizialek. Eskubide zibil eta politikoak eta askatasun demokratikoak urratzen ari dira. Une hauetan demokrazia bera dago jokoan", deitoratu zuten Algortako Telletxe plazan batutakoek.

Euskal Herriak eta getxoztarrek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuten domekan, eta horretarako bozkatu gura dutela, "eta egingo dugu, azaroaren 5ean". Hala, elkarretaratzearen amaieran egun horretan Getxoko auzokide denei egingo zaien galdera aurkeztu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun