Irailaren 28an salatutako eraso matxista gaitzesteko elkarretaratzeak, Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 4a, 12:52

Elkarretaratze isila egin dute gaur Getxoko udaletxearen aurrean. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaleko alderdi guztietako ordezkariek bat egin dute gaur eguerdian Getxoko udaletxearen aurrean egin den 5 minutuko elkarretaratze isilagaz, irailaren 28an salatutako genero indarkeria eta sexu erasoa gaitzesteko.

Era berean, Udalak dei egiten die herritarrei kontzentrazioan biltzeko, gaur arratsaldeko 19:30ean Telletxe kaleko puntu morean.

Getxoko EH Bilduren arabera, "ezinbestekoa" da Getxoko protokoloaren berrikuspena gauzatzea, "bere eraginkortasuna bermatze aldera".

Getxoko Bozeramaileen Batzordearen adierazpen instituzionala:

Getxon bikotekidearen kontrako genero indarkeria eta eraso sexistako ustezko delituagatik pasa den irailaren 28an egindako salaketa dela eta, Imanol Landa alkateak eta Udalbatzako talde politikoetako ordezkariek osatutako Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez ondorengo adierazpen instituzionala adostu du. Horretan Udalak:

  1. Erabateko desadostasuna agertzen du eta genero desberdintasunean oinarritutako jarrera sexista guztiak gaitzesten ditu. Bestalde, aipatutako salaketatik ondorioztatu daitezkeen erantzukizunak ahalik eta lasterren argitzeko eskatzen du.
  2. Erasotako emakumeari elkartasuna adierazten dio eta babesa eskaintzen dio.
  3. Berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egitea defendatzen du, zeinean emakumeak  espazio publikoan askatasunez ibili daitezken eta hori libre erabili dezaketen, nahi beste kaletik lasai ibili daitezken, eta sexu-harremanak norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten erabaki dezaketen, hitz batez, emakumeen nahia erabat errespetatzen.
  4. Getxotar guztiei, gizon zein emakume, dei egiten die, emakumeen kontrako eraso guztien aurka egin dezaten eta emakumeak iraintzen dituzten eta eraso sexistak bultzatzen dituzten jarrerak onar ez ditzaten.
  5. Erakunde kontzentrazioa egiteko dei egiten du, urriaren 4an, asteazkena, eguerdiko 12:00etan, udaletxeko eskaileretan. Bestalde, herritarrei dei egin die egun berean biltzeko, Telletxe kaleko puntu morean, 19:30ean.
  6. Emakume elkarteei eta Berdintasun Kontseiluan parte hartzen duten erakundeei dei egiten die bereziki deialdiarekin bat egiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun