Zer da Musikagune?
Musika-talde batean jotzen duzunean, galduta egongo bazina bezala egoten zara askotan; inork ez zaitu laguntzen. Hori dela eta, Stereosonik kultur elkartea sortzea erabaki genuen zenbait lagunek. Udalerriko taldeei eta musikariei aholkuak eta trebakuntza ematea da gure asmoa. Horregaz batera, banda getxoztarrak ezagutzera emateko erakusleiho bat ere beharrezkoa zela konturatu ginen: horrela sortu zen Musikagune. Estiloaren arabera sailkatuta agertzen dira musika-taldeak.
Zein da atari digital horren helburua?
Getxo udalerriko musika-taldeei bultzada eman gura diegu. Berbarako Facebook sare sozialean oso garrantzitsua da argazki ona eta bideoren bat izatea, azken hori «etxean egindakoa» baldin bada ere. Informazioa eguneratuta egotea ere beharrezkoa da; izan ere, behin baino gehiagotan esan didate: «ez dakit nora deitu behar dudan musika-talde horrekin kontaktatu ahal izateko». Hala, datu-base erabilgarria eskaintzen du Musikagunek.
Musika-talde ezagunak sortu dira Getxo udalerrian...
Bai. 90eko hamarkadan oihartzun handia izan zuen Getxosound mugimenduak. Gaur egun, Udalak 60 banda dauzka zerrendan; gu, ostera, 140 talderekin harremanetan ipini gara. Lagunen bitartez ezagutzen genituen taldeak baino ez dira horiek; eta askoz gehiago daude. Gainera, hainbat estilotako bandak ez ditugu ezagutzen. Folk euskalduna jotzen duten talde asko ei dago... Gure zerrendan daudenak baino askoz gehiago daude.
Getxok egundoko garaia bizi duela esan duzue. Zertan nabaritu duzue?
Gero eta musika-talde berri gehiago dago udalerrian. Bestalde, tabernetan jotzea errazteko lege-proiektu berri bat lantzen dabiltza Eusko Jaurlaritzan; horrek asko lagunduko luke. Hala ere, nabarmendu beharra dago orain arte tabernek ez dutela ezelako trabarik ipini bandek bertan jo dezaten; kontua da leku horietan kontzertua ematea legezkoa den ala ez. Ildo horretan, buruan daukagu gorago jotzea: Espainiako Kultura Ministerioari eskatu nahi diogu hori guztia errazteko neurriak hartzea.
Zein da arazoa?
Banda batek dirutza galduko luke bost musikarik Gizarte Segurantzan izena eman beharko balute. Zerbitzuen elkartrukea proposatzen dugu: adibidez, ostalariak afaltzekoa ematen die musikariei; eta, horren ordez, eurek tabernan jotzen dute.
Zelan lor daiteke kontzertua antolatu gura dutenek Musikaguneren datu-basera sar daitezen?
Rustic Music Fest eta Getxoko Banden Jaialdia ere antolatzen ditugu. Bertan, betiere esaten diegu entzuleei jotzen dabiltzan bandak kontratatzea aukeran daukatela, berbarako ezkontza, urtebetetze edo jai batean jotzeko.