Elkarrizketak

Mikel Martinez, Maria Arriaga eta Patxo Telleria ("Ez dok hiru!" antzezlana): "Euskaldunak izateaz harrituko eta harrotuko dira ikusleak"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko urr. 12a, 12:35

Mikel Martinez, Maria Arriaga eta Patxo Telleria. HODEI TORRES

"Ez dok hiru!" antzezlanaz gozatzea aukeran egongo da zapatuan, urriaren 14an, Getxoko Antzerki Jardunaldietan. Tartean konpainiako Patxo Telleria eta Mikel Martinez igoko dira oholtzara, Areetako Andrés Isasi musika-eskolan. Hiru musika-aktorek lagunduko dituzte; horien artean dago Maria Arriaga algortarra. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrerak 10 euroan egongo dira.

Patxo Telleria, zelan bururatu zitzaizun "Ez dok hiru!" antzezlana idaztea?

Patxo Telleria: Horrelako antzezlan bat idaztea ez da momentu batean bururatzen zaizun gauza horietariko bat; nik aspalditik neukan musikarekin zeozer egiteko gogoa. Baina, beste hainbat ideia bezala, egitekoen zerrendan neukan. Hala, Cafe Bar Bilbao tabernan bilduta geundela, "bulegokoak" etorri ziren hausnarketa bat egin behar zutela esanez: musikal bat egin behar genuela uste zuten. Musika eta antzerkia uztartzeko, ikuspuntu ezberdinak genituen; hala ere, baiezkoa eman nien, eta "Ez dok hiru!"-ren estiloko musikala egitea erabaki nuen.

Zer aurkituko dute oholtza gainean "Ez dok hiru!" ikustera doazen lagunek?

Mikel Martinez: Aurretik, "Ez dok hiru!" markarekin egin ditugun obra batzuk ikusi badituzte, umore-estilo bat, euskararekin eta testuekin jolasteko modu bat... hori guzti hori igarriko dute. Bestalde, aurrez aurreko aurpegiak Patxorena eta nirea izango dira: hau da, betikoak! Horretaz gainera, zuzeneko musika aurkituko dute. Antzezlanean, bizkarrak oso ondo zainduta izaten ditugu Patxok eta biok, beste hiru musikari-aktoreekin. Ematen du bigarren plano batean daudela, apur bat atzerago daudelako agerlekuan; baina, inpresioa besterik ez da.
Telleria: Musikak sekulako indarra ematen dio antzezlanari, dudarik gabe. Zuzeneko musikak bizitasuna ematen dio obrari.

Denbora luzez diharduzue elkarregaz beharrean. Esan daiteke antzezteko estilo propioa sortu duzuela bien artean?

Telleria: Beharbada, hori esatea asko esatea da. Baina, guk esan esaten dugu. Kar, kar, kar.
Martinez: Euskararen munduan, bada, bai...
P.T.: Euskararen munduan ez ezik, orokorrean ere bai. Antzerkian hasten zarenean ez zara hutsetik abiatzen; ingurukoek zer egiten duten begiratzen duzu beti. Gu ez gara hutsetik hasi; hainbat antzezlari eredutzat hartu ditugu. Agian, euskararen munduan ez, baina beste herrialde batzuetan badago, edo bazegoen, egiten dugunaren antzeko zer edo zer, adibidez: Marx anaiak, Tip eta Coll, Faimino eta Cansado... bururatzen zaizkit orain.
M.M.: Edo Monty Python.
P.T.: Horiek denak abiapuntuak dira; baina, txikitan ere, bakoitzak amaren edo andereñoaren kaligrafia-eredua ikasten du. Denborarekin, ezinbestean norberak bere kaligrafia propioa lantzen du. Guk "kaligrafia-eredu" propio bat egin dugu antzerkian; ez jenio batzuk garelako, baizik eta denborarekin zure modura ateratzen direlako gauza guztiak.

Eta ikusleak orain arte, behintzat, ez dira nekatu.

P.T.: Orain arte ez; baina, nekatuko dira! Kar, kar, kar. Munduan, gauza guztiek daukate jaio, hazi eta abailtzeko joera.
M.M.: Baina, egia esan, meritu handia daukagu, "gerra" nahikoa ematen dugulako. Estilo honetako bost antzezlan egin ditugu jada, eta oraindik ere ikusleak harritu egiten dira. Neurri batean, espero dutena eskaintzen diegu; baina, askotan, zur eta lur geratzen dira.

Horrez gainera, oraingoan hiru musikari aktoregaz partekatzen duzue agerlekua. Zein da horien egitekoa, zer paper jokatzen dute horiek?

P.T.: "Ez dok hiru!" idatzi nuenean buruan zer neukan ideia bat egin dezazun, egitura honetan, orain arte aipatu ez dugun talde argentinar oso ezagun bat dago: Les Luthiers. Musikarekin umorea egiten du seikote horrek: kideetako bi aktore-lanetan dira adituagoak; gainera, horien bien artean bata musikan trebatuagoa dago bestea baino. Gure kasuan berdin-berdin gertatzen da: Mikel musikan adituagoa da.
M.M.: Eta aktore hobea ere banaiz! Kar, kar, kar.
P.T.: Gero, egon badaude beste hiru musikari-aktoreak direnak; eta Les Luthiersen, orokorrean, esan daiteke, aktoreak baino, musikariak direla. Aipatu ditugun hiru musikari-aktore horiek esketx batzuetan jo besterik ez dute egiten, eta, beste batzuetan, ekintzan parte hartzen dute. Gurean, berdin-berdin.

Aipatu duzuenez, zuzeneko musikak indar handiagoa ematen dio antzezlanari berari?

P.T.: Batetik, indar handiagoa ematen dio antzezlanari; bestetik, umorea ez doa erraietara, burura baizik. Umorea deskodetzeko adimena erabiltzea behar-beharrezkoa da. Umorea intelektuala da; barre egitea gauza emozionala dela ematen duen arren. Musika erabat emozionala da. Zentzu horretan esango nuke antzezlan hau nahiko osoa dela: alde batetik, burua erabili behar duzu; eta, bestetik, erraiak.

Daborduko hogei bat saio eman dituzue. Zelakoa izan da ikusleek antzezlanari egin dioten harrera?

M.M.: Hasteko, estreinaldia handia izan zen. Arriaga antzokian, Tartean taldearen emanaldi bat egiten dugun bakoitzean polita izaten da beti; baina, oraingo honetan, bereziki ederra izan da: emanaldi bitan bete genuen aretoa, eta jendea oso gustura atera zen. Patxok berak esan du: jendeak ondo pasatzen du gure umoreagaz barre egiten duelako, harritu egiten delako... eta, musikarekin, hunkitu egiten da. Inoiz ez da gure asmoa izan ikusleak zirikatzea, algaraka has daitezen. Baina, batzuetan, amaieran, zutik eta txaloka bukatzen du jendeak. Beste, leku batzuk txikiagoak eta hotzagoak izaten dira...

Maria Arriaga, eta zuk zelan balioesten duzu taula gainean jarduteko sortu zaizun aukera hau?

Maria Arriaga: Aukera izugarria dela uste dut. Entseguetan ere asko ikasi nuen; izan ere, musikarekin gertatzen ez den bezala, antzerki-munduan guztiz ezjakina nintzen. Nire ikuspegitik, zuzenean, "hirugarren martxa" sartzea izan da. Hasieran oso arrotz egiten zitzaidan antzerkiaren mundua; oso lotsatuta egoten nintzen. Baina, pixkanaka ikasiz, eta, denboraren poderioz, orain asko disfrutatzen dut agerlekuaren gainean, musikari-antzezlearena egiten. Gozatzen, disfrutatzen ikasi dut.

Eta gainera, hori gutxi balitz, daborduko oso ezagunak diren aktore bi dauzkazu parean.

M.A.: Bai. Ez naiz hasi antzezlan txiki bat egiten, lagun-kuadrillarekin; zerotik hasita, Arriagan estreinatu dugu egiten dudan lehenengo antzezlana, bostehun pertsonaren aurrean!
M.M.: Entseguen kontua aipatu du Mariak; horrelako saioak egitea oso garrantzitsua da antzerkian hasiberriak diren lagunentzat. Patxok idazten duen testuak ez du zertan behin betikoa izan behar; izan ere, entseguetan gauza berriak sortzen dira. Prozesu hori zelakoa den barrutik ikusteak polita izan behar du mundu hori ezagutzen ez duen pertsona batentzat. Izan zitekeen, guk obra eginda daukagula, musikari-antzezleei non jarri behar diren eta noiz jo behar duten esatea. Baina, ez da hori. Berarentzat bakarrik ez, guretzat ere oso garrantzitsua da Mariak prozesu horretan parte hartzea. Nahiz eta aktoreok, guk, testu luzeagoak eduki jendearen aurrean, aktore moduan testu laburragoak dauzkana hasiera-hasieratik prozesu horretan egotea inportantea da.

Horrenbestez, zuen ustez garrantzitsua da hasiberriak diren aktoreak daborduko urte asko daroatenakaz agerlekuan jardutea edo egotea.

P.T.: Hori bizilegea da.
M.A.: Erreleboa gertatu behar da.
P.T.: Horrela gertatzen da beti. "Zergatik, Jamil?" izenburua zeukan aurretik egin genuen antzezlanak; nik idatzi nuen, eta Mikelek eta Eneko Sagardoik egiten zituzten aktore-lanak. Gaur egun, Eneko oso ezaguna da Handia pelikulako protagonista delako; baina, gurekin hasi zenean, 22 urte baino ez zituen.  
M.M.: Beraientzat ez ezik, guretzat ere gauza berriak ikasteko modua da; beti jende berberarekin ibiliz gero, ez duzu bestearengandik gauza berririk ikasten. Hasiberriekin, ordea, nahiz eta oso gazteak izan, eta, teorian, ez jakin, seguru asko gauza asko emango dizkizutela. Ez jakitearena, gainera, oso erlatiboa da.

Maria, oraingoan "etxean jokatuko" duzu. Zer sentiarazten dizu horrek?

M.A.: Lagun eta senide gehienak Arriagara etorri ziren, estreinaldira; eta, dagoeneko, baten batzuk bigarren aldiz ere ikusi dute antzezlana. Egon badaude "Ez dok hiru!" hirugarren aldiz ikusiko duten lagunak eta senideak; horiek guztiek Getxoko saiora ere etortzea erabaki dutelako. Zure herrian kontzertu bat ematen duzun bakoitzean gertatzen den bezala, urduri nago; baina, aldi berean, gogo handia dut nire ingurukoek ere zertan nabilen ikus dezaten. Gehienbat jende ezaguna izango delako urduritzen naiz; izan ere, "etxean jokatuta" gehiago eskatzen diot neure buruari.

Mikel eta Patxo, zuontzat zelakoa da Getxon antzezlana aurkeztea?

P.T.: Gauza bat esan nahi nuke: Euskal Herriko aktoreok eta artistok zain gaude aspalditik, denbora gehiegi daramagu itxaroten, Getxo den bezalako udalerri garrantzitsu batean bere neurriko areto bat zabal dezaten. Ze arraio gertatzen ari da Getxo Antzokiarekin? Inork ez digu azalpenik eman.

Amaitzeko, zer esango zeniokete jendeari "Ez dok hiru!" ikustera joan dadin?

M.M.: Bizitzan gertatzen zaizkidan gauzetako batzuk gogoan dauzkat beti, eta, beste batzuk, ez; antzezlana ikusten duenak gogoratu egingo du. Euskarari dagokionez, harrituko dira eta harrotuko dira euskaldunak izateaz.
M.A.: Goitik behera, euskal musikari egin dakiokeen omenaldirik onena da antzezlana; garai bateko abestiak gogoratzeko aukera paregabea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun