"Tosuko obra atzeratzen dugun egun bakoitzeko, gertuago dago proiektua geratzeko aukera"

Argia.eus / Andoni Mikelarena 2017ko aza. 13a, 16:05

Andra Marin amaitu zen manifestazioa. TOSU BETIRAKO

Ehunka lagun elkartu ziren larunbatean Ibarbengoako Parkingaren aurka Tosu Betirako asanbladak deitutako manifestazioan. Aurreko manifestazioekin alderatuta jende kopurua ez bada ere asko handitu, “jende ezberdinak” eta aurrekoan baina getxotar gehiagok parte hartu izana “positibotzat” jo dute antolatzaileek.

Urriaren 17an Ertzaintzak deitutako erresistentzia kanpaldia hustu ostean, urriaren 21ean berriz okupatu zuten Tosuko landa eremua. “Ez dugu mugimendu handirik nabari”, diote asanbladako kideek hondeamakinez galdetuta.

Aurreko etxola jada botata zegoen, eta beraz, berri bat eraikitzeari ekin zioten herritarrek. Etxola berria, lur pribatuan dago kokatuta, obra eremutik kanpo. Herritar batek erroldatze prozesua martxan jarri du, etxola berrian erroldatzeko. “Obra atzeratzen dugun egun bakoitzeko, gertuago dago proiektuaren suspentsioa” gaineratu dute asanbladako kideek.

Larunbatean Getxoko lau puntu ezberdinetatik zutabe bana abiatu zen: Hezetasunetik, Itzubaltzetatik, Andra Maritik eta Algortatik, zutabe guztiek Telletxeko plazan egin zuten bat. Telletxetik Andra Marira abiatu ziren ehunka herritar, eguraldi txarrari aurre eginez. Manifestazioa Andra Marin amaitu zen eta bertan egin zuten ekitaldia.

Tosu Betirako asanbladak salatu zuenez, “orain arte gobernu taldearen aldetik mespretxuak eta utzikeria baino ez dituzte jaso herritarron aldarriek, ez dute ulertzen beraien proiektu espekulatiboez nazkatuak gaudela”.

Albiste hau Argiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun