Informazio iturriek zabaldu dutenaren arabera, kontratua bertan behera geratuko balitz, Eusko Jaurlaritzak milioika euroko kalte-ordainari egin beharko lioke aurre. Hori dela eta, obrak ahalik eta lasterren martxan jartzeko bideak aztertzen ari dira. Horretarako, lanak "normaltasunez" aurrera eramatea ahalbidetzeko segurtasun-hesi berri bat jartzea aurreikusi dute, aurrekoa baino garantia gehiago izango lituzkeena. Daborduko aparkalekua eraikitzeko lanek hilabeteetako atzerapena daramate.
Proiektuaren kontrako hurrengo mobilizazioa, zapatuan
Tosu landa okupatu dute berriro auzokideek, hala ere, oraindino "partida ez dela bukatu" argi dute ekintzaileek. Hori dela eta, proiektu horrekiko euren kontrakotasuna azaleratzeko beste manifestazio bat egingo dute zapatuan, hilaren 11n. Hitzordua 12:30ean jarri dute, Telletxe plazan. Gainera, parkingaren aurkako "askotariko arrazoiak" irudikatu eta herrian dauden gainerako borrokak parkingagaz lotzen dituzten hainbat zutabe egingo dituzte, hainbat lekutatik irtengo direnak; horiek denak 12:00etan irtengo dira Telletxerantz. Bentatik, Andra Mari auzoaren urbanizazioa salatzeko zutabea hasiko da; Getxo Antzokitik, proiektu "faraoniko" hori salatzekoa; Hezetasuna auzotik, "Iturribarriko ortuak suntsituz egin zen sarraski ekologikoa" salatzekoa; eta Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazatik, Romo Kultur Etxea eta nagusien etxea lekualdatzearen "inposizioak" salatzeko.