Etxebizitzari lotutako topaketak hasiko dituzte bihar Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 15a, 16:31

Bihar hasiko dira Getxoko EH Bilduk antolatu dituen hiru eguneko Etxebizitza Jardunaldiak. Horietan, "etxebizitzaren gaineko problematikari aurre egiteko dauden askotariko ereduak eta politikak" ipiniko dituzte mahaigainean. Hala, topaketa horietan, hainbat eredu ezagutu ahal izango dira, beste leku batzuetan garatzen dabiltzanak, esaterako Errenterian, Gasteizen, Bilbon, Durangon eta Bartzelonan. Egun bakoitzean gai bana jorratuko dute: eguenean, etxebizitza eta gazteak; barikuan, etxebizitza ereduak; zapatuan, etxebizitza politikak.

Hiru egunetan izango dira Etxebizitza Jardunaldiak, eta egun bakoitzean gai ezberdinak izango dira. Hala, eguenean, Algortako San Nikolas plazako frontoian gazteen problematika aztertuko dute. Lehenik eta behin Itzubaltzeta/Romoko eta Algortako gazteek udalerriko etxebizitza arazoa azalduko dute, eta ondoren Gasteizko Gazte Emantzipazio Sarea eta Durangoko "Zabalduko ditugu" izeneko proiektuak  ezagutzeko aukera egongo da.

Azaroaren 17an, barikuan, bigarren saioa egingo dute Algortako Villamonteko kultur etxean eta bertan etxebizitza eredu ezberdinak ezagutzera emango dituzte. Hiru alternatiba landuko dira bertan: Cover Kooperatibako kideek etxebizitza kolaboratiboa zer den azalduko dute eta, horren ostean, EHUko eta Bilboko Udalaren arteko gazte solidarioentzako etxebizitza programa eta Gasteizko Errekaleorreko proiektuak aurkeztuko dituzte.

Jardunaldiei amaiera emango diete zapatuan, Itzubaltzeta/Romoko nagusien etxean. Bertan etxebizitza politikak aztergai izango dituzte. Bartzelonatik Ibon Bilbao, Arquitectos de Cabecera izeneko plataformako kideak eta Santiago Ibarra Ciutat Vella distrituko Kontseilariak gentrifikazioaz eta horren aurrean udalek sustatutako politikez mintzatuko dira. Era berean, Errenteriatik Itziar Ostolaza Etxebizitza eta Gazteria zinegotzia hurbilduko da bertako etxebizitzaren prozesu parte hartzaileaz berba egiteko. Azkenik, Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkideak Gasteizko legebiltzarrean onartutako Etxebizitza Legeak ematen dituen aukerak plazaratuko ditu.

Egitaraua

Azaroak 16, eguena

  • 18:00 Etxebizitza eta gazteak, Algortako San Nikolas plazako frontoian. Itzubaltzeta/Romoko eta Algortako gazteen testigantzak, Gasteizko Gazte Emantzipazio Sarearen proiektua eta Durangoko “Zabalduko ditugu” mugimendua.

Azaroak 17, barikua

  • 18:00 Etxebizitza ereduak, Algortako Villamonteko kultur etxean. Etxebizitza kolaboratiboak, EHU eta Bilboko Udalaren arteko gazte solidarioentzako etxebizitza programa eta Errekaleor.

Azaroak 18, zapatua

  • 10:00 Etxebizitza politikak, Itzubaltzeta/Romoko Nagusien etxean. Bartzelonako esperientzia eta etxebizitza politikak; Errenteriako udalaren prozesua; eta Etxebizitza Legeak ematen dituen aukerak aztertzeko tartea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun