Elkarrizketak

Kike Amonarriz: "Euskararen aldekotasuna praktikara eraman nahi dugu"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko aza. 18a, 13:03

Kike Amonarriz, Sopelan. CC-BY HODEI TORRES - HIRUKA

Kike Amonarriz Gorria soziolinguista eta telebista-aurkezle tolosarrak berbaldia eskainiko du martitzenean, 19:00etatik aurrera, Areetako elkartegian. Euskaldunen aktibazioaren gainean berba egingo du; besteak beste, hainbat herritan zabaldu diren euskararen aldeko ekimenen berri emango du, tartean, 11 egun euskaraz egitasmoaz. Amonarrizek ondo baino hobeto ezagutzen du Getxoren ibilbide soziolinguistikoa.

Euskahalduntzeko biderik badugu Getxon? berbaldia eskainiko duzu. Zer da euskahalduntzea?

Euskahalduntzea hitza Korrikari esker gureganatu eta zabaldu genuen. Izango litzateke euskararen inguruan daukagun egoera ezagutzea, ditugun ahalmenez jabetzea, daukagun erantzukizuna gure egitea eta, horretan oinarrituta, geure burua aktibatzea eta euskararen aldeko urrats praktikoak ematea.

Euskalgintzak eta Udalak gonbidatuta etorriko zara. Ohikoa izaten da horrelako elkarlana?

Euskal Herrian era guztietako egoerak ezagutu ditugu, baina azken urteotan, zorionez, elkarlan hori gero eta ohikoagoa da, denok jabetu garelako elkarlanean eta elkarrekin askoz gehiago dezakegula, aldenduta edo, zer esanik ez, muturtuta baino. Hausnarketa-prozesu sakon xamarrak, egin dituzte erakundeetan eta euskalgintzan. Denok ikusi ditugu orain arteko zenbait dinamikek eragindako mugak eta denok ikusi dugu ere zein ezinbestekoa eta premiazkoa den elkarrekin oinarri sendo batzuk jarrita euskararen aldeko urratsak elkarlanean ematea. Elkarlan hori gero eta herri gehiagotan ari gara ikusten; uste dut datorren urtetik aurrera, jada martxan dagoen Euskal Herri osoari begirako [11 egun euskaraz] egitasmoari esker, horiek ere gero eta ohikoagoak bihurtuko direla. Hala espero dut behintzat.

Getxoko lehenengo ikerketa soziolinguistikoan parte hartu zenuen. Zein egoera topatu zenuen?

Garai hartan, 1994an, Siadeco ikerketa-taldean nenbilen lanean; topatu nituen kezka, ilusioa eta interes handia. Getxon euskararen errealitatea benetan zer-nolakoa zen jakin nahi zuten, handik abiatuta plangintza serio bati heldu ahal izateko. Alde horretatik, Getxon aurkitu genuen egoera izan zen euskarak presentzia baino latentzia zuela: bazegoen euskaldun-kopuru polit bat, 1991ko datuen arabera Getxon euskaldunak %14 ziren; eta euskararen presentzia kalean oso baxua zen oraindik ere, %3koa, haurren artean pittin bat handixeagoa, %4. Euskara entzun zitekeen pittin bat, baina oraindik ere latentzia-egoeran zegoela ondorioztatu genuen. Hala ere, ikusi genuen bazegoela euskararen aldeko jarrera oso zabala, eta bazeudela posibilitateak han zegoen euskaldun-kopuruarekin urrats sendoak emateko.

Zure ustez urrats sendo horiek eman dira?

Uste dut Getxon ere euskararen egoera hobetuz doala, denok gurako genukeen baino motelxeago; seguru asko urratsak ere sendoagoak eman zitezkeen esparru askotan. Baina hobekuntzak ere gertatu dira. Ordutik hona, ia belaunaldi bat pasatu da. 1994an, azterketa egin zenean, D ereduan zebiltzan Getxoko gazteak %20 ziren, eta B ereduan, %12. Gaur egun, kopuru horiek irauli egin dira, euskarazko ereduen nagusitasuna gertatu da, euskaldunen portzentajea ikaragarri handitu da eta euskararen presentzia esango nuke ere askoz ere nabarmenagoa dela, bai antolatzen diren ekintzetan baita esparru desberdinetako erabileran ere, dauzkadan datuen arabera. Iritsi gara puntu batera non jauzi bat eman beharrean gauden, aurrera begira. Gainera, orain badago oinarri sendo bat jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak emateko, Getxon ere. Hitzaldia horren gainekoa izango da.

Orain dela urte bi egon zinen Algortan, Berrikasi eta berrikusi eztabaida azaltzen; euskalgintzan dezepzio-puntu bat sumatua zenuela esan zenuen.

Dezepzio hitza baino gehiago esango nuke ikusten genuela ordura arteko dinamikak ekarri gintuela puntu batera non neurri handi batean mugak jotzen ari ginen. Horregatik erabiltzen genuen bidegurutzearen ideia. Argi zegoen, eta denok bat gentozen horretan, euskararen egoera asko hobetu zela azkenengo hamarkadetan, baina ikusten genuen ere aktibazio berri baten beharra genuela aurrera egitekotan. Hainbat datuen arabera, ikusten zen bazegoela motelaldi edo geldialdi bat hainbat aspektutan, erabilerarekin lotuta. Orduan guk dezepziotik ilusiora eta aktibaziora pasatzeko proposamena egin genuen, eta txosten horretan hainbat oinarri jarri genituen, gure ustez inportanteak zirenak, euskararen inguruko dinamika berritzeko eta berrindartzeko. Hor zeuden hiztun-komunitate emantzipatu bat beharrezkoa zela, diskurtso-multzo koherentea eta berritu bat ere behar genuela, arnasgune politikoa alderdien aldetik, motibazio eta bizi-indarra areagotzea ezinbestekoa izango zitzaigula, epe luzeko plangintza eta hizkuntza-politikak sendotu behar zirela, lege-babesa, baliabideak eta erreferentzialtasuna indartzea, eta egitura eta autoritate zientifiko bat ere sortu eta eratzea. Dena, prozesu hau berrindartzeko. Hausnarketa hori leku askotan aurkeztu genuen, ikusi genuen jende askok konpartitu eta ikusten zuela dinamikak aldatu eta berrindartu behar zirela, eta analisi hori nire ustez konpartitua izan da eragile soziopolitikoen aldetik, eta herrietan-eta sumatu genuen, hainbat elkartetan egin genituen aurkezpenetan bazegoela gure proposamenarekin eta gure analisiarekin bat zetorren jarrera. Horrek lagundu du bizi dugun berraktibazio garai honi ekiten.

Neurri horien artean, euskararen "zoru komuna" proposatu zenuten elkarlanerako. Zertan datza?

Euskaldun guztiok eta euskararen normalizazioaren alde lan egiteko prest geundenok sortu behar genituen eroso sentituko ginen esparruak; oinarrizko adostasun soziopolitiko batzuetara iritsi behar genuen. Zoru komun horrek eta adostasun horiek oinarrizko printzipioen inguruan izan behar zuten: euskara agenda politikoaren eta edozein erakunderen lehentasunen artera ekartzea; euskararen zeharkakotasuna onartzea; aktibazioa eta berraktibazioa; inertzia gainditzeko neurrien beharra, eta abar.

Elkarlanaren adibide ipini duzu lehen 11 egun euskaraz egitasmoa. Zer da ekimen hori?

Egitasmo horren oinarria da hizkuntza-portaerak aldatzea eta herritarrak aktibatzea, euskararen erabilpenean. Batzuk, ahobizi kontzeptuaren pean, ahalik eta euskara gehien erabiliz, beti lehen hitza euskaraz eginez eta euskara erabil daitekeen kasu guztietan erabiliz. Gero besteek, belarriprest deitu ditugunek, azaltzen dute prestutasuna euskara jasotzeko. Batzuek euskaraz dakite eta besteek ulertu egiten dute. Horren hasiera da norbanakoak aktibatzea. Hortik aurrera, asmoa da Euskal Herrian era guztietako erakunde, elkarte eta enpresetara ere zabaltzea euskararen aldeko aktibazio hori. Metodo berria da, Donostiako Egia auzoan egin zuten lehen esperientzia. Orain hainbat herri, auzo eta ikastetxetan hasi dira horrelakoekin, eta benetan ekimen emankorrak dira, balio dutelako jendea euskahalduntzeko eta euskararen aldekotasuna praktikara eramateko.

Herritarren konpromisoa beharrezkoa da, ezta?

Bai, bai herritarrena baita erakundeena ere. Gainera, elkarlanaren funtsa horretan datza. Horrelako ekimen batek sekulako eragina izan dezan ezinbestekoa eta onuragarria da euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlana. Orain arte egin den lekuetan frogatu da: lankidetzaren emaitzak nabarmenak eta kuantifikagarriak dira. Hori da proposatzen dugun bidea eta espero dugu Getxon ere bide hori hartzea.

Iñaki Zarraoa alkatea zela, 2005ean, pin-kanpaina bat proposatu zen, euskaldunok elkarren berri errazago izateko. Madrilgo komunikabideek egurra eman zuten. Egoera errepika daiteke?

Horrelakorik gertatzea ez dago gure esku. Bide eraginkor baten aurrean gaude, borondatean oinarritutakoa, eta ez dut ikusten non egon daitekeen eragozpena. Hemen planteatzen dena da norberak bere borondatez erabakitzea euskaraz egin nahi duela edo erabakitzea jasotzeko prest dagoela. Ez zaio inori behartzen euskaraz egitera. Alde horretatik, ez dut ikusten arrazoirik inor kontra jartzeko. Eta inor kontra jartzen bada, benetan esan nahi du euskararen aurrerabidearen eta normalizazioaren aurka dagoela, baina hori haien problema izango litzateke.

Zer atera gura zenuke berbalditik?

Oinarri sendo bat, egitasmoari ahalik eta indarrik gehienarekin heldu ahal izateko. Sumatzen ari gara, herriz herri, egitasmoaren inguruko atxikimendu soziopolitiko handia biltzen ari dela. Gainera, momentu historiko batean gaude eta aukera historiko hau aprobetxatu behar dugu, euskararen alde eman beharreko urratsak ahalik eta sendoenak eta eraginkorrenak izan daitezen.

Zergatik da hain garrantzitsua urratsak ematea?

Bidegurutze batean gaudelako. Iritsi gara momentu batera non, Getxon ere, ia gazte guztiek euskaraz badakiten edo ulertzeko gai diren, azken mendeetan lehenengo aldiz. Gainera, inkesten arabera, gizartearen gehiengoa aldez ala moldez euskararen aldeko neurriak hartzearen aldekoa da. Beraz, motibazioaren eta ezagutzaren aldetik, aukera historikoa daukagu euskararen aldeko urrats kuantitatiboak eta kualitatiboak emateko. Lortzen badugu hurrengo belaunaldiak euskara modu nabarmenean gehiago egitea gaur egun baino, normalizazio-prozesua normalizatuta dauden hizkuntzen norabiderantz jarriko dugu. Aitzitik, euskaraz dakien belaunaldi horrek ez badu euskara nabarmen gehiago erabiliko, etorriko den hurrengoak ikusiko duena da bere gurasoek badakitela euskaraz eta ez dutela egiten, eta, beraz, euskarak ez duela ezertarako balio. Hori da gaur egun Irlandan gaelikoak nozitzen duen egoera. Hurrengo urteak giltzarri izango dira hizkuntzaren etorkizunera begira. Lehenengo aldiz, D ereduan masiboki ikasitako belaunaldia ari zaigu kaleratzen, lan munduan sartzen eta familia berriak sortzen. Hortxe jokatzen dugu hurrengo belaunaldiaren etorkizuna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun