Domekan, 13:00etan, Areetako Xake plazako karpan hasiko den ekitaldi nagusiagaz bat egingo dute herriko gizarteko, kultur, eta hezkuntzako talde eta eragile ugarik. Horren helburua da euskararen inguruan ahalik eta jende gehien erakartzea. Bertaratzen direnei ondoetorria emango diete herriko abesbatzek, Ondarretaren gidaritzapean (aurten 50 urte betetzen ditu eta).
Euskal Herriko herri askotan aditzera emango den testu instituzionala Imanol Landa alkateak, Goizane Miruri Bizarra Lepoaneko presidenteak eta Amaia Torrealdea Egizuko idazkariak irakurriko dute Areetan. Azken bi horiek herritarrei dei egiten diete domekan Areetara hurbiltzeko eta ekimenean parte hartzeko: "Badaukagu Getxon euskara gehiago erabiltzeko formula. Bertan euskalgintza sozialak eta udalak elkarlanean aurrera eramango denaren berri emango dugu eta herritar guztiei elkarlanerako gonbita luzatu nahi diegu".
Irakurketa horren aurretik, astean zehar (azaroaren 27tik 30era) udalerriko hainbat ikastetxek eta institutuk Euskararen Eguna ospatzeko patioetan Esne Beltza taldearen "Euskaraz Bizi nahi dut" abestiagaz egiten ari diren kalejiren bideoa proiektatuko dute.
Irakurketaren ondoren, Euskaraldiari buruzko xehetasunak (Ahobizi, Belarriprest, Irribizi, 11 egun euskaraz) azalduko dituzte, aktore getxoztar batzuek egingo dituzten esketxen bitartez. Aldi berean, www.getxoztarrak.eus komunitate digitala aurkeztuko dute. Horretan, herritarrek euskaragaz hartu gura edo ahal dituzten konpromiso txikiak adierazi ahal izango dituzte, berbarako: dendetan lehengoa "egun on" esatea edo autoan irratia euskaraz entzutea.
Ekitaldiari amaiera emateko, bildutako guztiek abesti ezagun bi kantatuko dituzte eta dantza-plaza saio bat izango da, herriko dantza talde guztiakaz batera.
Kalejirak
Ekitaldira heltzeko, aurretik lau kalejira egingo dira udalerriko ordu eta toki desberdinetatik, besteak beste Musikalia Elkartearen bandaren, elektrotxaranga baten, txistularien eta dantza taldeen partaidetzagaz, girotzeko, "Euskaraz Bizi nahi dut" abestia kantatzen den bitartean. Kalejirak koloretsuak izatea gura dute; horretarako, koloredun 500 peto eta 500 kartel (Euskarak 365 egun) banatuko dituzte.
Areetako kalejira 12:30ean aterako da Bizkaia Zubia plazatik (Kale Nagusia, Andres Larrazabal, Paulino Mendivil, Eskoletako plaza, Adiskidetasuna); Itzubaltzeta/Romoko kalejira 12:30ean Gobelaurre parketik (Zubieta, Errekagane, Lope de Vega, Ezekiel Agirre, Kresaltxu, Kalamua, Santa Eugenia), eta Bizikleta martxa (bidegorrietatik eta udaltzaingoak lagunduta) 12:15ean Andra Mariko Malakate parketik (Maidagan, Ollarretxe, Salsidu, Bizkerre, Gernika parkea. Errekagane, Santa Eugenia). Gainera, 11:00etan ume txikiagoak dituzten familientzako kalejira abiatuko da Portu Zaharretik Bizkaia Zubia plazaraino, han Areetakoagaz batzeko.
Bat egingo duten elkarteak eta eragileak: Ondarreta, Biotz Alai, Kimetz, Itxartu eta Gorrondatxe abesbatzak; Sasi Eskola, Berantzagi, Agurra, Itxartu eta Itxas Argia dantza taldeak; Lauaxeta, Jose Antonio Agirre eta udal euskaltegiak; Algortako Ernai, Musikalia, Algortako Bertsolari Eskola, Itxas Argia Kultur elkartea, Itxarkantu, Amesten elkartea, Itzubaltzeta-Romoko Gazte asanblada, Getxoko EGI, Bilgune Feminista, Gizatiar elkartea, Zurrumurrurik Ez, Getxoko emakume elkarteak, Hizkuntza Eskola eta Ikasgehi Batzordea (ikastolak eta eskolak eta euren guraso elkarteak).