Euskararen Nazioarteko Eguna

Aixerrota Boleibol Kirol Taldeak jasoko du Argia Ereiten Euskara Saria

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 30a, 14:28

Aixerrota Boleibol Kirol Taldeko hainbat jokalari. © GETXOKO UDALA

Getxoko Aixerrota Boleibol Kirol Taldeak jasoko du 2017ko Argia Ereiten Euskara Saria. 1999an martxan ipini zen emakumezkoen kirol-taldeak argi izan zuen bere jardunak euskaraz izan behar zuela, naturaltasun osoz. Aurton sariak itxura aldatu du: Ibon Garagartza artista gazteak egindakoa izango da, forma paraleloz osatutako eskultura, hain zuzen ere.

Aixerrota Boleibol Kirol Taldea 1999an sortu zen, Aixerrota BHI institutuan nesken kirola indartzeko eskola ordutegitik kanpoko jarduera izan ondoren. Garai horretan institutuko irakaslea zen Alberto Olalde, eta ordutik hona talde horretako presidentea eta entrenatzailea da. Olaldek azaldu duenez, "hiru zutabe izan genituen kluba sortzerakoan. Lehenengoz, kirola, espezifikoki boleibola bultzatzea batez ere nesken artean, bigarrenez hori euskaraz egingo genuela, gure hizkuntza delako, eta hirugarrenez, nazioartekotasuna, gu garena eta guk egiten duguna kanpora begira azaltzea, eta horregatik urteetan zehar egin ditugun elkartrukeak". Hori normaltasun osoz egin du Aixerrota taldeak, eta normaltasunez ere bultzatu du beti emakumeen kirola. Horretarako, "instalaziorik hoberenak ditugu Faduran, ezin gara kexatu", gehitu du Olaldek. 

Kirolari ugari

Aixerrota taldeak hasieratik hainbat talde izan ditu maila desberdinetan. Une honetan 100 bat jokalari daude maila desberdinetan, 8 urtetik hasita, eta batzuek 8-10 urte daroatzate jolasten. Horietariko bat da Maider Santxo: 9 urtegaz hasi zen jolasten eta gaur egun Batxilergoko bigarren mailan dago. Jarraitzen du jolasten eta gainera entrenatzailea ere bada. "Taldean txikitatik lagundu digute euskaraz egiten boleibolean eta guk jokalari moduan boleibola eta euskara lotu ditugu beti. Orain entrenatzaile moduan berdin, txikiei laguntzen saiatzen".  

Lorpenak

Urte hauetan sari ugari lortu ditu Aixerrotak, baina presidenteak garrantzi handiago ematen die bizi izandakoari. "Kirol emaitzekin, bidaiekin eta elkartrukeekin gozatu dute asko jokalariek. Asko ikasi dute, beste kultura batzuk ikusi eta ezagutu dituztelako. Pista barruan garrantzitsua izan da, baina niretzat garrantzitsuagoa pistatik kanpo bizi izandakoa". Bidaiak, besteak beste, Espainia, Frantzia, Holanda, Txekia eta Poloniara izan dira eta toki guztietara eraman dute euskara.

Iritzi berekoa da Maider Santxo. Berak aitortu duenez, kirol ibilbidean nahiko emaitza onak lortu dituzte, baina "niri boleibolak eman didan gauzarik hoberena izan da bidaiatzea. Batzuek buruan irabaztea baino ez dute, baina guri buruan sartu digute esfortzua egin behar dugula gauzak lortzeko. Sari bat ez da bakarrik domina bat lortzea edo txapeldun izatea, saria da txapelketetara joan ahal izatea, kanpoko jendea ezagutzea, lagunak egitea...".

"Poza eta esker ona" 

Aixerrota Boleibol taldeko jokalariak eta entrenatzaileak sariagaz "pozik, indartuta eta animosoago ibiltzen gara. Ni pozik nago klubaren barruko egiturarekin eta Getxoko udalak beti eskaini digun laguntzarekin. Baikor naiz eta uste dut aurrera egingo dugula, gure nortasunean dagoelako", aitortu du Olaldek, eta amaitu du esaten, ez dutela saria bilatu baina, "beti eskertzen da, poza eta esker ona, ezin dugu beste ezer aipatu".

Maider eta bere kideak ere oso pozik daude sariagaz. "Ezberdina izan da, talde osoari eman digutelako. Euskara begiratzeko beste modu bat da, hau da, euskara beste arlo batean, kirolean, gainera emakumeen kirolean erabiltzeagatik". Maiderrek beste gazte kirolariei eskatu die, hasieran agian apur bat zaila izan arren, euskara kirolagaz ere lotzeko, "euskara altxor bat delako eta kirola egiterakoan ere erabili behar dugulako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun