Lanok 2017ko aurrekontu parte-hartzaileetan sartuta daude; "hortaz, hiritar getxoztarren ekarpen eta eskaeren emaitza da", udal-iturrien arabera. Horrez gainera, Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) Portu Zaharreko auzokideakaz batera egindako lanaren zati dira, Getxoko eremu adierazgarri hori "hobetu eta jarduteko hirigintzako irizpideak" ezartze aldera.
Proiektua
Igogailuari dagokionez, Erribera kalea eta Portu Zaharreko amaieran dagoen lur gaineko aparkalekuaren artean dagoen tutuan kokatuko da, lehen auzoko bizilagunek zarama botatzeko erabiltzen zutena. 15 bat metroko altuera duen desnibela gaindituko du. Gaur egun, Portu Zaharrean sartzeko bideak bi dira: Aretxondo kalea eta itsasoko pasealekua.
Igogailua panoramikoa izango da, 75º-ko inklinazioa izango du eta batera 16 lagun (1.150 kg) sartu ahalko dira bidaia bakoitzean. Geraleku bi izango ditu ekipamendu mekanikoak eta goialdekoan 8 metro luzeko eta 2,5 metro zabaleko pasabidea ipiniko da, igogailuko ontziratze-guneagaz komunikatuko duena.
Horrez gainera, igogailuak bideozaintza-sistemak, teleagintea eta klimatizazioa edukiko ditu. Ingurune babestu batean kokatuko da baina "guztiz errespetutsua" izango da, arduradunen arabera; "izan ere, proposamenak Foru Aldundiaren Kultura eta Ondare Sailaren aldeko txostena jaso du. Inguruan arbolak ipiniko dira ezpondarekin guztiz integratzeko". Proposatutako soluzioak, igogailu bertikal eta babestua, igogailu inklinatuen mantentze kostuak baino txikiagoak ekarriko dituela azaldu dute udal-iturriek.
Gainera, behealdean, zelaigunean, espaloi bat eraikiko da, egun eskalinataraino iristen denagaz lotuko dena; hau da, 55 metro linealeko (275metro koadro) espaloia izango da eta hiru argi-zutabe izango ditu, baita bankuren bat ere ontziratze-gune ondoan. Horrez gainera, lau aparkaleku berri jarriko dira, mugikortasun urriko pertsonentzat.
Oinezkoentzako bidexka hobetuko da
Proiektuan jasotako bigarren jarduketak, dirutan handiena dena, Genaratxu eta Usategi parkearen arteko oinezkoentzako bidexkaren hobekuntza aurreikusten du.
Bide berriak, 210 metro luzerakoa, zabalera aldakorra izango du –beti ere 1,5 metrokoa edo handiagoa-, bidexkaren irudiari eutsiko dion zoru egonkortu bat, zoladura naturalizatu bati esker, eta alboak egur listoiakaz errematatuko dira. Argiztapenari dagokionez, 20 baliza inguru jarriko dira eta hori dena indartuko da ere egun dauden argiteria publikoko zutabeakaz eta jarriko diren beste lau zutabe berriakaz. Lanek ukitutako guneak berriz urbanizatu eta landatuko dira.