Eskiatzaileak aitortu duenez, sorbalda-arazoak dauzka: "Ez nago sasoi-sasoian. Lesio kronikoa dirudi, ezkutuan dagoena. Denboraldi-aurreko oso ona izan nuen, trabarik ez zidan eragin eta lasai nenbilen, baina abenduan berriro ere min egiten hasi zitzaidan. Gabonetako atsedenaldiaren ostean espero dut hobera joatea lasterketa eta entrenamendu trinkoetan. Ez nago ehuneko ehunean". Hilabete bi dauzka sasoian ipintzeko.
Halere, ez da ahaztu behar orain dela lau urte Errusian egindako Neguko Joko Paralinpikoetan domina bi eta diploma bi lortu zituela, "ehuneko ehunean" egon barik, bost hilabeteko lehenago orpazurda apurtu ondoren. Zehazki, urrezko domina jantzi zuen Jaitsieran, zilarrekoa Slalomean eta diploma olinpiar bana eskuratu zuen Erraldoian eta Super Erraldoian.
Orduan azaldu zuenez, "lesioarengatik izan ez balitz ziur nago Sotxikoak nire bizitzako Jokoak izango ziratekeela nire momenturik onenean nengoelako kirol aldetik, fisiko aldetik eta pilatutako esperientziaren aldetik. Lortutako laugarren postuak dominak izan zitezkeen baina kirolean, bizitzan bezala, gauzak ez dira ateratzen beti gura bezala".
Izan ere, Santacanak arrakasta handia lortu du nazioartean; Koreakoa bere bosgarren Joko Paralinpikoetan izango dira. Donostian jaiotako getxoztarrak, orain arte, 8 domina pilatu ditu lau Jokotan: Salt Lake City (2002), Torino (2006), Vancouver (2010) eta Sotxi (2014). Bestalde, joan den otsailean, hiru domina jantzi zituen Munduko Txapelketan, Tarvision.
Euskal herritar asko Korean
Basque Teamek gogorarazi duenez, orain dela lau urte, Sotxin, izan ziren kirolari euskal herritar gehien Neguko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan: sei: hiruna Olinpiar Jokoetan eta Joko Paralinpikoetan. Olinpiar Jokoei bakarrik begiratuta, hau litzateke euskal kirolari gehien lehiatuko diren urtea: lau.
Hala, Santacanaz gainera, Koreara bidaiatuko dira Lucas Eguibar snowboardlaria, Felipe Montoya patinatzaile artistikoa, Imanol Rojo iraupen-eskiatzailea eta Juan del Campo eskiatzaile alpinoa. Lau kirolari horiek otsailaren 9tik 25era lehiatuko dira, Olinpiar Jokoetan.
Lucas Eguibarrek sailkapena lortu zuen Sierra Nevadan 2017an jokatutako snowboardcrosseko Munduko Txapelketan banaka eta taldeka erdietsitako bigarren postuei esker.
Behin Javier Fernandezek Munduko txapelketan Pyeongchangerako plaza lortuta, Felipe Montoyak beste plaza poltsikoratu zuen puntuaziorik altuena lortu zuelako Zagrebeko CS Golden Spin-etako eta 2017ko abenduan jokatutako Espainiako txapelketako notak uztartuta.
Juan del Campo bilbotarrak FISek ezarritako baldintzak eta RFEDIk, COEk eta CSDk ezarritako irizpideak betetzen ditu bere diziplinan, 2016ko abenduan Kronplatzeko Europako Kopako paraleloan lortutako 9. postuari esker.
Imanol Rojo tolosarrak FISek ezarritako baldintzak eta RFEDIk, COEk eta CSDk ezarritako irizpideak betetzen ditu bere diziplinan 2017ko martxoan Seefledeko Alpen Cup FISen jokatutako 15 kilometroko jazarpen proban erdietsitako 14. postuari esker.
Basque Teamen arabera, "orain arte inoiz ez ditugu izan hainbeste euskal kirolari Olinpiar Joko batzuetan. Orain arteko zifra altuenak 1998ko Naganoko Jokoetan eta 2014ko Sotxiko Jokoetan lortu ziren". Bietan hiru kirolarik hartu zuten parte: Iker Fernandezek, Ainhoa Ibarrak eta Haritz Zunzunegik Naganon eta Lucas Eguibarrek, Imanol Rojok eta Paul De la Cuestak Sotxin. Hala, beste hiru kirolari lehiatu ziren Sotxin, Paralinpiar Jokoetan: Jon Santacana getxoztarra, Aitor Puertas eta Urko Egea.
Basque Team Fundazioa
2007an, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak sortu zuten fundazioak bere hamargarren urteurrena ospatu zuen iaz. Bere hastapenetan bezala, gaur egun ere Basque Teamen helburua da profesionalak ez diren kirolarien parte-hartzea nazioartean bultzatzea eta maila bikaineko emaitzak lortzea; hala, horretara bideratzen ditu bere baliabideak. Laguntza ekonomikoez gainera, mota denetako zerbitzuak eskaintzen dizkie kirolariei: medikuak, teknikoak, coachinga, komunikazioagaz lotutako zerbitzuak, hezkuntza eta lan arlora egokitzeko laguntza... 2007tik fundazioak 140 kirolari baino gehiago bekatu ditu, 41 kirol diziplinatan. Tartean, Bàrbara Pla, Asier García, María Lopez de Eguilaz, Rocio Ybarra, Eunate Agirre eta Jon Santacana uribekostarrak izan dira, besteak beste.