Itzubaltzetako BOEen inguruko hainbat datu gezurtatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 22a, 09:57

Errekagane kalean hainbat BOE aurkitu ditu Romo Plataformak. © ROMO PLATAFORMA

Itzubaltzeta/Romo auzoan babes ofizialeko etxebizitzak falta zirela azaldu zuen Getxoko Udalak 2017ko abenduko GetxoBerri aldizkarian. Horren aurrean, Romo Plataformak adierazi du informazio hori ez dela "guztiz egiazkoa", eta baieztatu du egon badaudela mota horretako etxebizitzak, Gorbea eta Errekagane kaleetan, hain zuzen ere.

2017ko abenduaren 28an GetxoBerri aldizkarian agertutako informazioaren arabera, "aro demokratikoan" ez da babestutako etxebizitzarik eraiki Itzubaltzeta/Romo auzoan. Horren aurrean, Romo Plataformak adierazi du informazio hori ez datorrela bat errealitateagaz; izan ere, taldeak mota horretako 75 etxebizitza aurkitu ahal izan ditu auzo horretan: Gorbea kalea, 10; eta Errekagane kalea, 9, 11, 13 eta 15. Horiek denak 1983 eta 1986 urteen artean eraiki zituzten.

Horren denaren aurrean, Getxoko alkatearen jarrera gogor salatu du Romo Plataforma taldeak: "zorrotzagoak izan behar dira datu objektiboak aztertzerakoan". Era berean, pertsona nagusiak udalerriak bizi duen etxebizitzaren arazoaren erantzule direla adieraztea deitoratu du taldeak, "ez du inolako zentzurik". "Arduragabekeria da etxebizitzaren beharra eta ekipamendu sozialen beharren arteko debatea sortu gura izatea", gaineratu dute Itzubaltzeta/Romoko taldekoek. Hala, nagusientzako Eguneko Zentro baten beharra mahai-gaineratu du berriro Romo Plataformak, eta Getxoko Gobernu-taldeak horri erantzun behar diola adierazi dute, "gaur egungo egoera hobetuko duen soluzio bat aurkitu behar dute".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun