Udal-hauteskundeak 2019

Amaia Agirre izango da EAJren alkategaia hurrengo udaleko hauteskundeetan

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 25a, 12:15

Amaia Agirre Partaidetzarako zinegotzia eta Imanol Landa Getxoko alkateak. © GETXOKO UDALA

Imanol Landa gaur egungo Getxoko alkateak ez du errepikatuko. Izan ere, EAJk jakinarazi duenez, ez da hautagai gisa aurkeztuko 2019an izango diren udal-hauteskundeetara. Bere ordez, Amaia Agirre gaur egungo Komunikazio eta Herri-Partaidetzako zinegotzia izan liteke jeltzaleen alkategaia Getxon. Agirre aukeratu dute izendapen horretarako, aurkeztutako bakarra izan delako; hala ere, EAJko afiliatuek berretsi beharko dute otsailaren 14an egingo duten bozketan.

Udalerriko EAJren hiru erakundeek (Ondarreta, Algorta eta Getxo Zaharra) Amaia Agirre aukeratu zuten 2019ko udal-hauteskundeetan Getxoko alkategaia izateko. Orain, alderdiko afiliatuek berretsi beharko dute erabaki hori, otsailaren 14an izango den bozketan.

Amaia Agirre Psikologian lizentziaduna da; GEUZ Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate-Zentroko zuzendaria izan da, baita HIZKETAneko mediazio-programen diseinatzailea eta Genevako Ospitale Unibertsitarioko psikologo klinikoa ere. 2015tik hona, gainera, Getxoko zinegotzigoa Agirre Lehendakaria Centerko nazioarteko harremanen arduradunaren lanagaz partekatzen du.

Imanol Landa Getxoko alkate izendatu zuten 2007an, lehenengo aldiz. Ordutik, hiru aldiz berretsi du agintaldia udaletxean; 2019an, baina, ez du errepikatuko. Bere ordez, seguruenik, Amaia Agirre zinegotzia izango da Getxoko alkategai jeltzalea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun