Gobernu-taldeak herritarren parte-hartze "faltsua" sustatzen jarraitzen duela deitoratu du Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 30a, 10:20

Ibon Rodriguez eta Nerea Gijarrubia EH Bilduko zinegotziak, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak abiatutako aurrekontuen prozesu parte-hartzailea deitoratu du EH Bilduk, "egongo den parte-hartze horrek Udalaren erabateko esku-hartzea izango duelako". Era berean, aukeratzeko azaltzen diren zenbait proiektu "nahiko orokorrak eta generikoak" direla salatu dute, "are gehiago, herritarrei ez zaie inolako zehaztasunik ematen egingo denaren inguruan".

"Zeintzuk dira Gazteentzako proposamen gehiago? Zeintzuk dira Tokiko ekonomia sustatzeko jarduera gehiago?  Zeintzuk Turismoa sustatzeko neurriak? Nork erabakiko du zer egin hori sustatzeko?", galdetu dio EH Bilduk Gobernu-taldeari (EAJ eta PSE-EE).

Azken galderaren harira, aurreko batzordean erantzuna jaso dutela azaldu du koalizio abertzaleak: "argi utzi zuten gazteentzako proposamen horiek, ekonomia sustatzeko jarduerak edota turismoa sustatzeko neurriak, arloek erabakiko zituztela; arloetako arduradun politikoek hain zuzen". Hala, ondorioztatu duenez, "herritarrek aurrekontuen prozesu parte-hartzaile honetan ez dute aukerarik izango erabakitzeko zein programa konkretura joango den dirua, ez erabakitzeko ezta jakiteko ere, beteko duten esku-orrian ez baitira jarduera horiek guztiak zehazten. Soilik izango dute aukera erabakitzeko zein proposamen orokorrera joango den esku-orrian bertan zehazten den diru-kopurua".

Iaz ere, aurrekontu prozesu parte hartzailearen 2. fasean gogor salatu zuen EH Bilduk, "aurrera egin zuten proiektu gehienak Udal-gobernuaren hauteskunde programan zeudela. Egun, ez dakigu gauzatu diren edo ez; herritarrei ez zaielako proiektuen informaziorik helarazi". Aurten, aldiz, proiektuen konkrezio falta salatu du koalizioak, "azken erabakiak udal-arduradunen esku utziko direlako".

Horren denaren aurrean, herrian parte-hartzearen inguruan egin beharreko lana handia dela azaldu du, "kultura berri bat sortu behar da, zeinek herritarrak subjektu aktibo bat izango den bere herriaren inguruko erabakietan, eta horrek arlo guztietan lanketa sakona eskatzen du; bestelako bideak urratzea, herritarren iritziak jasotzea ez ezik lotesleak ere izan daitezen".

Udal-taldeak salatu duenez, parte hartzen duten herritarrei "iruzurra" eginez, "ez dugu aurrera egingo, atzera baizik". Hori dela eta, parte-hartze "zintzoa, argia eta gardena" egin dezala eskatu dio Gobernu-taldeari, "ez orain arte bezala, gezurrez eta iluntasunez betea. 'Parte-hartzea' benetakoa izan dadila; ez itxurazkoa, sasia, faltsua".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun