Algortako Gaztelekua kudeatzen duen Aisibizia Elkarteak langile bat kaleratu zuen joan den abenduan, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. "Ekintza horren bidez, eta beste aitzakia ezberdinak erabiliz, langileen antolaketarako edozein aukera eraitsi nahi dute", deitoratu du sindikatuak.
Aisibizia Elkartea Getxoko Udalarentzat lanean ari da eta bertako gazteei zuzendutako zerbitzu bat eramaten du: Algortako eta Itzubaltzeta/Romoko gaztelekuak kudeatu, besteak beste. Hori dela eta, udal-zerbitzu bat eskaintzen duen heinean, erantzukizuna eskatu diote Getxoko Udalari.
Kaleratzea gauzatu eta hilabete biotan, LAB sindikatua hainbat alditan bildu da enpresagaz eta Udalagaz, hala ere, oraindino ez dute inolako akordiorik lortu. Hori dela eta, gaurko elkarretaratzeaz gainera, datozen egunetan mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.
Langileen ordezkariek azaldu dutenaren arabera, enpresak "bazekien" kaleratutako langilea 3 egun beranduago egin behar ziren hauteskunde sindikaletako hautagai bat zela, "eta bere boterea erakutsi nahi izan du bere oinarrizko eskubideen alde jarduten duen oro zer gerta dakioken ohartarazteko".
LAB sindikatuak gertakarien "larritasuna" salatu du: "Langileon oinarrizko eskubideen aurka jotzen dute gertakariok, sindikatze askearen aurka, ordezkatuak izateko eskubidearen kontra... Gure bizi baldintzak hobetzeko eta gure interesak hobeto defendatzeko ezinbestekoa da langile gisa elkartzea, gure batasuna, eta horregatik, hain zuzen ere, segituko dugu enpresa askoren bidegabekeriaren aurka langileen antolatzea defenditzen".
Hori dela eta, kaleratutako langilea berriro lanera bueltatzea eskatu diote Aisibizia Elkarteari.