Herri harresia irudikatzeagatik epaitutako 50 lagunetatik zortzi zigortu dituzte

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 3a, 18:35

Madrilen deklaratu behar izan zuten 50 lagunek.

Joan den urtarrilaren 9an 50 lagunen kontrako epaiketa izan zen Alcala de Henareseko (Madril) epaitegian. Ernaiko zazpi gazteei eta Topatuko kideari zigor ekonomikoa ezarri diete; publikoa, aldiz, absolbitu egin dute. Algortako 9 lagun auzipetuta zauden horretan.

Topatu.eus agerkari digitalak jakinarazi duenez, publikoko kide denak absolbitu ditu epaileak; Algortako 8 lagun auzipetuta zeuden horretan. Ordea, Ernaiko zazpi kideak (Mikel Moreno algortarra tartean) eta Topatuko laguna kondenatu ditu. 1.400 euroko zigor ekonomikoa ezarri diete Topatuko eta Ernaiko sei kideri; zazpigarrenari berriz, 1.600 eurokoa.

Urduñan 2013an egin zen Gazte Danbada jaialdiaren harira, 2015ean epaitu zuten Mikel Moreno algortarra, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beragaz batera, Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetaria eta Ernaiko gazte erakundeko beste sei kide deklaratu behar izan zuten. Terrorismoari gorazarre egitea egotzita, 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigor bana eskatu zuten Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak; hala ere, den-denak absolbitu egin zituzten.

Epaiketa egunaren aurretik, Gasteizko Herri Harresian hiru gazte espetxeratu zituzten. Kartzelatze horiek eta "gazteriaren kriminalizazioa" salatzeko, epaiketaren egunean bertan, auzipetutako zazpi gazteek epaiketa eten zuten, espetxeratuen argazkiak soinean zituztela.

Gazteek herri harresia irudikatu zuten, publikoaren babesagaz. Horrela, auzipetuak altxatu eta "euskal gazteria aurrera" oihukatu zuten, besteak beste. Elkartasuna adieraztera joandakoek ere altxatu eta oihuka eta txaloka hasi ziren. Horren ondorioz, Angela Murillo epailearen aginduz, bertan ziren guztiak identifikatu zituzten; guztira, 50 lagun.

Hiru urteren ostean, joan den urtarrilean izan zuten epaiketa. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun