Urduñan 2013an egin zen Gazte Danbada jaialdiaren harira, 2015ean epaitu zuten Mikel Moreno algortarra, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beragaz batera, Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetaria eta Ernaiko gazte erakundeko beste sei kide deklaratu behar izan zuten. Terrorismoari gorazarre egitea egotzita, 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigor bana eskatu zuten Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak; hala ere, den-denak absolbitu egin zituzten.
Epaiketa egunaren aurretik, Gasteizko Herri Harresian hiru gazte espetxeratu zituzten. Kartzelatze horiek eta "gazteriaren kriminalizazioa" salatzeko, epaiketaren egunean bertan, auzipetutako zazpi gazteek epaiketa eten zuten, espetxeratuen argazkiak soinean zituztela.
Gazteek herri harresia irudikatu zuten, publikoaren babesagaz. Horrela, auzipetuak altxatu eta "euskal gazteria aurrera" oihukatu zuten, besteak beste. Elkartasuna adieraztera joandakoek ere altxatu eta oihuka eta txaloka hasi ziren. Horren ondorioz, Angela Murillo epailearen aginduz, bertan ziren guztiak identifikatu zituzten; guztira, 50 lagun.
Hiru urteren ostean, gaur izan dute epaiketa. Goizean goiz gerturatu dira 50 auzipetuak Alcala de Henareseko epaitegira. Horiek izan dira lehenak deklaratzen. 2015eko epaiketan publiko gisa zeudenek horretan txalotu ez zutela eta ezer ez zekitela azaldu dute; garai horretan auzipetuta zeudenek, berriz, herri-harresia "protesta sinboliko gisa" egin zutela adierazi dute.
Ostean, AVTko abokatuaren txanda izan da, lekuko gisa deklaratu duena. Horrek azaldu du publikoan zegoen jendea oihuka hasi zela, besteak beste. Duela hiru urteko epaiketan aretoan zeuden polizia biek ere euren lekukotza eman dute, "publikoa apur bat tiratu eta ondoren euren kabuz irten zirela" azalduz.
Defentsarako abokatuetako batek adierazi du ezin dela argudiatu publikoko kideetako bakoitzak txalotu zuenik; horren ondorioz, akusatu denen absoluzioa eskatu dute defentsaren abokatuek, "eragozpena ez zelako larria izan eta ez dagoelako frogarik". Fiskalak eskaerei eutsi die, bosna hilabeteko espetxe zigorra.
Akusatuen irakurketa:
2 urte baino gehiago igaro dira, eta hemen gaude berriro ere. Badirudi beste bizitza batean izan zela 2013an Urduñan Ernaik ospatutako Gazte Danbadako ekitaldiaren harira, 9 euskal herritar terrorismoari gorazarre egitea leporatu eta 2 urteko espetxe eskaerarekin Madrilera, Audientzia Nazionalera, jaitsarazi gintuztenetik. Xabier Lopez Peña euskal presoa hil zen bat-batean ospitalean, baina espainiar justiziak, nahiago izan zuen beste albo batera begiratu, eta gu ikertu. Gazteok ekitaldian berari eta bere sendiari egindako elkartasun keinua, baita Topatu proiektu komunikatiboak egindako albistea ere, delitu bihurtu zituzten.
2015eko maiatzean jarri zigun epaiketarako data Angela Murillo epaileak, Segi gazte antolakundearen kontrako makro-epaiketan aste batzuk lehenago talde-terroristako kide izatea egotzita 7 gazte espetxeratu zituen epaile berberak, hain zuzen. Hainbat hilabetez luzatu zen fartsa izan zen epaiketa hori, gazte mugimendua, gazte militantzia, eta oro har, euskal gazteria kriminalizatzea eta zigortzea helburu zuena. Azken hilabeteotan agerian geratu den espainiar justiziaren erabilera politikoaren bidegabekeria bat gehiago izan zen hura. Epaiketa politiko bat, finean.
Horregatik, epaiketa iristean, interes politikoen gainetik dagoen justizia defendatzeko desobedientziaren aldeko hautua egin genuen ekimen sinboliko baten bidez: epaiketako une batean, 8 akusatuok altxatu, eta akusatuok zein orduko publikoak soinean generamatzan libre kamisetak kendu eta Angela Murillok espetxeratutako gazteen aurpegik utzi genituen agerian. Keinu sinboliko hori nahikoa izan zen 8 akusatuak zein elkartasuna adieraztera joan ginen lagun guztiak desordena delitu baten aitzakian auzipetzeko. Epaiketa politiko bat hau ere.
Ironikoki, aste batzuk beranduago, Auzitegi Gorenak berak arrazoia eman zion gure aldarrikapenari eta Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde, Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban aske utzi.
Hala ere, hemen gaude denok berriz ere bi urte beranduago, Alcala de Henareseko epaitegian, Euskal Herri osoko eta Madrileko 50 gazte, bakoitzak 5 hilabeteko espetxe eskaera bizkar-gainean. Euskal herritar gehiegik egin behar izan duten eta egiten jarraitzen dugun bidea eginez berriro. Elurrez eta izotzez betetako errepideetan bidea arriskatuz, soberan ez dugun dirua xahutuz eta indar fisiko zein psikologikoak ahituz. Duela ez hainbeste bide bera egin zuten lagun batzuek zioten bezala, "basque lives matter", baina ez justizia espainolari. Denborak aurrera egingo ez balu bezala, epaitegietara kateatuta nahi gaituzte, isunek eta espetxe eskaerek itota, hari fin baten gainean kolokan beti... baina guk argi dugu, bide luze batean jarri nahi dizkiguten harriak dira, elkartasunak eta borrokak merezi dute.
Horregatik, epaiketa honen zentzugabekeria salatu nahi dugu. Noren buruan sar daiteke kamiseta batzuk erakusteagatik, edo besterik gabe, lagunei elkartasuna adierazteko epaitegian bertan egoteagatik norbait auzipetzea? 50 lagun auzipetzea? Euskal Herria zapaltzeko errepresioa eta epaitegiak erabiltzen dituztenen buruan bakarrik. Badirudi ez dutela ulertu epaiketa bat gehiago ez dela nahikoa izango elkartasuna eteteko, lege eta sententzia injustuei men egiteko. Hamaika bider frogatu dugu alferrikako estrategia dela, eta gaur ere hala egingo dugu. Errepresioaren eta mehatxu judizialen gainetik, euskal gazteriak libre bizi eta borrokatzen jarraitzeko apustua egiten dugu!
Azkenik, bukaezinak diren prozesu judizial hauetan zehar utzi gaituen Periko Solabarria gogora ekarri nahi dugu. Danbadako ekitaldian auziperatu zuten hura ere, eta osasun arrazoiak zirela eta ezin izan zen Madrilera jaitsi. Zalantzarik gabe, bestela, gurekin jaitsi beharko zuen hark ere. Azken unera arte borrokalari nekaezin, hilabete beranduago utzi gintuen. Azken unera arte LIBRE bizi izan zen, guk geuk ere egingo dugun bezala!
50ok LIBRE! Epaiketa politiko gehiagorik ez!