"Aisibizia elkarteak langileon eskubideak urratu ditu"

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 12a, 10:55

Elkarretaratzea egin zuten urtarrilaren 30ean Algortako Telletxe plazan.

Hauteskunde sindikaletako hautagai bakarra zena kaleratu du Aisibizia Elkarteak. LAB sindikatuak gertakari horren "larritasuna" salatu eta langilea berronartzea eskatu du. Martxoaren 13an izango da epaiketa.

Itzubaltzeta/Romoko elizan egoitza duen elkartea da Aisibizia. Gaur egun Algortako gaztelekua eta Areetako ludoteka kudeatzen ditu, eta laster Romo Kultur Etxean zabalduko den gaztelekua ere hartuko du bere gain. Orain dela gutxira arte, elkarteak zazpi langile zituen kontratatuta, baina horietako bat kaleratu zuen joan den abenduan.

Kanporatutako langilearen arabera, "askotariko irregulartasunak" egon dira enpresan, hala nola lan-orduetan, kontratuetan, soldatetan, opor-egunetan eta kategorien onarpenetan. Gabezia horiek konpondu guran, LAB sindikatuan afiliatzea erabaki zuen urrian. Azaroan, langileek aho batez erabaki zuten hauteskunde sindikalak egitea, eta bera izan zen hautagai izateko bere burua aurkeztu zuen bakarra, LABen izenean. Ondoren, kudeatzaileagaz bildu ziren langileak, ikusitako gabezia denak azaldu eta hauteskundeen berri emateko. Hala, azaroaren 18an hauteskunde-deialdia erregistratu eta abenduaren 20a aukeratu zuten galdeketaren eguna izateko. Kaleratutako gazteak azaldu duenez, baina, abenduaren 12an Aisibiziako kudeatzaileagaz bildu zen, "nire egutegia begiratzeko, oporren kontua argitzeko eta nomina eskatzeko". Handik egun bira, Aisibiziako zuzendaritzak bilera batera deitu zuen gaztea. Bertan EDE Fundazioko arduraduna eta Algortako eskauten taldeko ordezkaria zeuden, eta hura kanporatzeko agindua eman zuten, «konfiantza galduta» zutela eta "errespetu faltak" izan zituela argudiatuta. Une horretan, gazteak jakinarazi zien hori ez zela horrela, dena faltsua zela eta "delegatu sindikala izango zelako" kanporatu zutela.

Azaldu duenez, enpresak zentsutik atera gura izan zuen bera, «kaleratua izateaz gain, aukeratua izatea galarazteko». Hauteskunde-mahaia osatzen zutenek, baina, hura bertan mantentzea erabaki zuten. Horren aurrean, hauteskundeen bezperan, Aisibiziak gutun bat bidali zien langileei prozesua «ilegala eta irregularra» zela esanez. "Mehatxua izan zen, beldurra sortu nahi zuten", azaldu du gazteak. Dena dela, hauteskundeak egin eta LABeko hautagaiak jaso zituen boto gehien: aldeko lau eta hiru zuri. "Orain egoera da kaleratutako pertsona bat dela langileen ordezkaria", azaldu du LAB sindikatuak; hori dela eta, "gaztea berronartzea eta kaleratzea deuseztatzea eskatu dugu, langileak organizatzeagatik kanporatu dutelako".

Modu berean, enpresak udal-zerbitzu bat eskaintzen duen heinean, erantzukizuna eskatu diote Udalari. Hark azaldu du dokumentazio osoa aztertzen ari dela, enpresak irregulartasunik egin ote duen edo ez argitzeko. Bere aldetik, Aisibizia Elkarteak akordio ekonomiko batera iristeko proposamena egin zion gazteari, baina hark uko egin dio proposamenari: "Haiek badakite astakeria bat egin dutela eta ez zaie interesatzen gertakari hauek denak azaleratzea. Langileen eskubideak urratu dituzte". Era berean, nabarmendu du kaleratze horregaz Aisizibiak "langileon antolakuntza moztu nahi izan duela errotik".

Urtarrilaren 23an Aisibizia Elkarteak hauteskundeak inpugnatu zituen; hala ere, arbitrajeak ondorioztatu du prozesua legala izan dela. Orain, epaiketaren zain daude alde biak. Martxoaren 13an izango da auzia, Bilboko Gizarte epaitegian. HIRUKA Aisibiziagaz harremanetan ipini da, baina hark ez du inolako argibiderik eman gura izan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun