Lanpostuen balorazioa egiteko prozesua abiarazi du Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 15a, 16:32

Lanpostuen balorazioa egitea aldarrikatu zuten urtarrileko osoko bilkuran.

Duela 30 urteko balorazioan oinarrituta egiten dute lan Getxoko udal-langileek. Hori dela eta, euren beharrak berrikusteko eta garai berrietara egokitzeko konpromisoa hartzea eskatu diote beharginek udal-agintariei.

Getxoko udal- eta toki-erakunde autonomoetako langileek euren lanpostuen balorazioa «behingoz» egitea aldarrikatu dute, beste behin ere. Azkenengo aldia urtarrilaren 31n izan zen, osoko bilkuran. Izan ere, 1987an egindako balorazioa oinarri hartuta egiten dute lan 1.000 behargin baino gehiagok. Karlos Goñi LAB sindikatuko bozeramaileak azaldu duenez, sindikatu guztiek egin dute bat aldarrikapenagaz, «langile denon artean adostasuna dago».

Otsailaren hasieran behargin denak batu eta euren aldarrikapenak helarazi zizkieten udal-arduradunei. Hala, joan den otsailaren 13an alde biak bildu ziren. «Badirudi gauzak aurrera doazela. Lanpostuen balorazioa egitea Gobernu-taldearen asmoetan dago eta esan digute zirriborroa eta hasierako dokumentuak garatuta dituztela», jakinarazi du Goñik. «Oraindino ez ditugu txosten horiek ikusi, baina, seguruenik, martxoan izango den negoziazio-mahaian aurkeztuko digute dena, eta orduantxe hasiko gara dokumentazioa negoziatzen», gaineratu du.

Bilera horretatik itxaropentsu irten dira udal-langileak, «denontzat eskatzen dugu lanpostuen balorazioa, eta Udala horretarako prest dago». Epeei dagokienez, ez dago ezer ziurrik, baina langileek argi daukate: «Datorren urtean hauteskundeak izango dira, eta aurten ganorazko prozesurik egiten ez bada, ez dakit zerbait ezagutuko dugun epe laburrean».

Lanpostuen balorazioa, zergatik?

Udal-langileek azaldu dutenez, Udala «eskema zaharrei ainguratuta» dago, «eta horrek ez digu balio». Besteak beste, lanpostuen balorazioagaz langileen organigrama bat osatzea aldarrikatu dute, bakoitzari dagokion funtzioa azaltzeko. «Hori kudeaketarako oso baliagarria da, denontzat». Modu horretan, gainera, «azken urteotan galdutako erosketa-ahalmena berreskuratzeko» aukera egongo dela aldarrikatu dute, kategoria eta lanpostu desberdinen arteko diferentzia areagotu barik. Izan ere, soldatei begiratuz gero, inguruko udal-langileenak baino txikiagoak direla salatu dute.

Gobernu-taldeagaz lortutako akordioa

EH Bilduk gogoratu duenez, 2016an egindako akordio politikoan lanpostuen balorazioagaz hastea jaso zen. Hala ere, horretarako lehen oinarrizko urratsak egin diren arren, orain arte prozesua geldirik egon dela salatu du koalizio abertzaleak. Hori dela eta, udal-langileen aldarrikapena babestu du EH Bilduk, «eta bat egiten dugu abiarazi duten dinamikarekin»; azaldu dutenez, lanpostuen balorazioa «lehen urratsa izango da», langilearen berregituraketa, eraginkortasuna eta lan-baldintzen eguneraketa gertatzeko. «Balorazioak konponduko du, esaterako, udal-euskaltegiko langileek pairatzen duten diskriminazioa. Lan balorazioa udal-kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko urratsa da. 31 urte igaro dira baloraziorik egin barik; hala, larritzat jotzen dugu urteetan egon den erantzukizun eza», iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun