Elkarrizketak

Alejandra Sainz de la Rica: "Emozionalki burua zaintzen ez duzunean, gaixotu egiten zara"

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 23a, 15:53

Alejandra Sainz de la Rica psikologo getxoztarra izan da Wanted ideia-lehiaketako irabazleetako bat.

Alejandra Sainz de la Rica psikologo getxoztarraren Osasun Fundamentala tailer dinamikoen proiektua izan da 2017ko Wanted ideia-lehiaketaren irabazleetako bat. Doako eskaintza izan gura du horrek, bi eta bost ordu artekoak, Getxoko ikastetxeetan gazteenen osasun mentala eta emozionala landu, garatu eta indartzeko.

Nondik dator tailerrok sortzearen ideia?

Gorputza zaintzearen ideia gero eta barneratuago dugun moduan, geure burua ere zaintzeko beharra daukagu. Gero eta gehiago entzuten dira antsietateari, depresioari edo bakardadeari lotutako kontuak, baina horiei aurre egiteko laguntza eskatzeak estigma itzela dakar oraindik ere.

Ikasketak, esperientzia pertsonalak eta lan egiten ibili naizenean, gauzak benetan aldatzeko gorago begiratu behar dela ikusi nuen, eta horretan nabil orain. Hala ere, horrek ez du esan nahi ekimen txikiagoekin gauzak aldatu ezin direnik. Monitore lanetan ibili nintzenean, gaztetxoek nirekin lantzen zituzten gaiak eskolan landu nahiko zituztela esaten zidaten maiz; orduantxe jarri nuen ideia martxan. Wanted lehiaketarekin proiektua eskoletara eramateko Udalaren laguntza lortu nahi nuen; izan ere, gaur egun oso zaila da inolako euskarririk gabe pertsona gazte batek eskolen baiezkoa topatzea.

Zertan oinarritzen dira horiek?

Gure lehen urteak eta nerabezaroa funtsezko etapak dira oinarri osasuntsu bat finkatzeko, bizitzan, aurrerago, disfuntzionaltasunak agertzea prebenitzeko eta bizitza beteagoa edukitzeko. Horregatik, tailerrok lehenengo pausua baino ez dira, geure burua zaintzeko.

Nori zuzenduta daude?

Edozein mailatan landu daiteke. Eskola batzuetan lantzen hasi dira jada, Haur Hezkuntzan batez ere. Hala ere, nire ideia da DBHn eta Batxilergoan ere hori lantzea. Tailerrok eskolaren eredura (euskara, ingelesa edo gaztelania) eta adin tartera egokituta egongo dira. Izan ere, ezin dira gauzak modu berean landu adin-tarte ezberdinetan; bakoitzaren garapen maila ez da berdina, zalantzak, kezkak... eta momentu emozional ezberdinetan daudelako, besteak beste. 

Zelan ikusten dituzu gaur egungo umeak eta gazteak?

Nire ustez, gehiegi estimulatuta eta gehiegi babestuta daude gaur egun. Umeen eta gazteen motibazio falta, antsietatea eta depresioa gora baino ez doaz. Jolasteko denbora gehiago behar dute, baina ez pantaila batean, baizik eta kalean. Imajinazioa landu behar dute, naturarekin konektatu behar dute eta gurasoekin kalitatezko denbora eman. Balore piloa galtzen ari dira, mentalki garapena galtzen ari dira eta emozionalki eraikitzen ari garen ereduak askotan ez dira sendoak. Gu gara euren heziketaren arduradunak. Ez da erraza, batez ere eurek bizi duten mundua ulertzen eta ezagutzen ez dugulako. Etxean, eskolan edo gizartean ikusten dituzten ereduetatik ikasten badute, saia gaitez gurean gutxienez eredu osasuntsu bat islatzen.

Pertsonok zelan osa dezakegu oinarri osasuntsu bat?

Esaterako, momenturen batean edo bestean, denok egin behar diogu aurre galera bati. Hala, gaztetatik galera horiek denak modu osasungarri batean kudeatzen irakasten badigute eta oinarri sendo bat garatzen badugu, oinazea hobeto kudeatzeko tresnak izango ditugu. Bestetik, geure buruarekin igaro behar dugu bizitza osoa, beraz, autoestimua garatzea eta lantzea ezinbestekoa da. Era berean, gizaki sozialak garen heinean, erlazio osasungarriak izateko enpatia funtsezkoa da, baita asertibotasuna eta "Ni" mezuak erabiltzea ere.

Hori dena landu ezean, zeintzuk arazo sor daitezke?

Depresio eta antsietate diagnostikoak bikoiztu egin dira azken hamabost urteotan, eta gaur egun suizidioa heriotza ez naturalen lehenengo kausa da Espainiar Estatuan. Sorburura joan beharra dago, hori aztertzeko eta lantzeko. Gaur egun, mediku-kontsulten %30ek emozioekin lotura dauka, bakardadeak, lo egiteko zailtasunak, estresari aurre egin ezinak eta beste hainbat min fisikok emozio horiekin lotura zuzena daukatelako. Gorputzaren eta buruaren arteko lotura oso estua da, eta emozionalki min egiten zaituen egoeretatik atera ezin zarenean, gorputzaren biziraupen senak ateratzen zaitu, fisikoki gaixotuz. Une horietan baino ez gara medikuarengana joaten, eta horrek, arazoaren arabera, pilularen bat edo beste emango digu «sendatzeko», errazagoa eta arinagoa delako. Arazoa da askotan horrek ez duela zioa lantzen eta sintomak bakarrik konpontzen ditu; partxe bat baino ez da.

Erresuma Batuan, berbarako, konturatu egin dira terapia psikologikoak lehen mailako arretan txertatuz gero kostu efektiboa handiagoa dela, eta horretan inbertitzen hasi dira, merkeagoa delako psikologo bat urgentziazko ebakuntza bat baino. Arazoa da psikofarmakoen munduan diru asko mugitzen dela eta badirudiela ez dagoela hori egiteko interesik. Espainiar Estatuak ere hori egiteko probak hasi ditu, baina ezin gara hor geratu, osasun integrala bermatzea ez da soilik osasun sistemaren ardura, guztiona da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun