Zarautzen balea-kume bat salbatu zuen surflari taldea omenduko du Sea Shepherd elkarteak gaur gaueko 22:00etan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa egingo den ekitaldian. Aitzakia horregaz, asteburua Getxon emango dute. "Euskaldonok erakutsi genion munduari baleak ehizatzen, orain haiek babesten lehenengoak izatea dagokigu", azaldu du Eduardo Araujo, talde ekolgistak Euskal Herrian dauzkan boluntarioetako batek. Zapatuan eta domekan ontzia bisitatzeko aukera egongo da, 10:00etatik 17:00etara.
Baleak babesten nabarmendu da "Bob Barker", baina oro har itsas fauna guztiaren aldeko ekintzengatik da ezagun, Sea Shepherdek dauzkan gainerako ontzi guztiak bezala (dozena inguru). Euskal Herritik Afrika mendebaldeko kostaldera joango dira, legez kanpo arrantzan dabiltzan ontzien jarduera oztopatzeko asmoz. Nagusiki bertako gobernuei laguntza ematen saiatzen dira. "Haiek baliabide gutxi edukitzen dute patruilan ibiltzeko, guk ontzia eskaintzen diegu plataforma modura". Labur esateko, "Bob Barker"-ek aurkitzen du legez kanpo dabilen arrantzontzia; behin harengana ailegatuta, gainerakoa herrialde horretako funtzionarioek egiten dute: normalean, arrantzaleak geldiarazi eta arduradunak atxilotu.
"Itsas bizia babesten dugu legea heltzen ez den lekuetan", esan digute. Ekintza zuzena da haien arma, baketsua bezain ausarta. Irudiek argiago adieraziko dute gure berbek baino.
Jarduerak, Getxon
Getxoko Stereosonik elkarteak antolatuta, itsasoaren aldeko hainbat ekintza egingo dira. Hala, bisita gidatuak egingo dituzte zapatuan eta domekan, 10:00etatik 17:00etara. Bestalde, Getxoko Udalaren Ingurumen Arloak, umeentzako hainbat tailer egingo ditu zapatuan, 10:30etik 14:00etara, Ingurumen Aretoaren bitartez. Tailer horien helburua da itsaso eta ozeanoak zaintzeko garrantziaz kontzientziatzea.
Dead Bronco talde getxoztarrak nazioarteko talde ekologistarentzako abesti berezia osatu du.