Elkarrizketak

Denis Ugalde: "Kontsumitzen den janaria halako bi botatzen da munduan"

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 7a, 11:48

Denis Ugalde gazte getxoztarra.

Janari-zarrastelkeriaren arazoari aurre egiteko asmoz, Oreka proiektua garatu du Denis Ugalde Gómez gazte getxoztarrak. Horretarako, errestaurazio kolektiboko enpresen soberakinak behartsuenen artean banatzea izango da bere lehenengo pausoa.

Mundua hobetzeko asmoz, Zuzenbidea ikasi zuen Denis Ugalde Gomez gazte getxoztarrak. Denbora gutxian ohartu zen horrek ez zituela bere grinak asebetetzen eta, atzerrian bizi ondoren, proiektu propio bat sortzearen beharra sentitu zuen, betiere bokazio soziala oinarri hartuta. MBA bat ikasi zuen, ekintzaile gisa proiektu bat osatzeari ekiteko. Elikagai-zarrastelkeriari aurre egiteko proiektua abiarazi zuen 2017ko akabuan, arazo horren gaineko mugimendua sortu zen momentuan bertan: «Bartzelonan elikagai-soberakinen donazioak erregularizatzeko herri-ekimen legegile bat aurkeztu zuten». Proiektu sozialak aurkezteko iniziatiba bat egon zen garai horretan ere, eta horrek Oreka aurkezteko azken bultzada eman zion Ugalderi.

Zer da Oreka?

Gizarte-erantzukizun handiko proiektua izan gura du, baina ikuspegi enpresarial batetik bideratuta. Helburua da gizartearentzat onuragarria izatea, baina, aldi berean, etekin ekonomikoak edukitzea, sostengarria eta denboran eskalagarria izateko. Ideia da elikagai-emaileen eta erakunde hartzaileen arteko harremana kudeatzea. Sistema bat sustatuko dugu zaraman amaitzeko arriskua duten elikagaiak berreskuratzeko eta beharrezko diren tokietan entregatzeko.

Zuzenbidea ikasi duzu; nondik dator mota horretako proiektu bat garatzearen ideia?

Gauzak hobetzen saiatzeko ikasi nuen Zuzenbidea. Bulego batean lanean hasi nintzen, baina berehala ikusi nuen proiektu propio bat garatu behar nuela benetako eragina izateko. Atzerrian bizi ondoren erabaki nuen nire proiektu bat garatu behar nuela, eta horregatik MBA bat ikasi nuen. Masterra hasi baino hilabete bi lehenago, gainera, Kenyara joan nintzen, boluntario-lanetan ibiltzeko. Hilabete eta erdi igaro nuen han, zibilizaziotik oso urrun zegoen herrixka batean. Han ikusi nuen oinarrizko premiak asegabe zeuden lekuetan ere posible zela Coca-cola bat eskuratzea. Orduantxe ohartu nintzen zenbait arazoren atzean ez dagoela baliabide-eskasia, baizik eta antolakuntza-falta. Etxera bueltatu ondoren elikagaien zarrastelkeriaren arazoarekin egin nuen topo, eta horren aurrean zerbait egin beharra zegoela esan nion neure buruari.

Badago arazo horri aurre egin gura dion bestelako proiekturik munduan?

Bai, arazo horren berri izan eta berehala ikertzeari ekin nion. Hainbat egitasmo aurkitu nituen, eta horietako zenbaitekin ipini nintzen harremanetan. Berbarako, AEBetako San Frantzisko hirian badago enpresa bat elikagai-hondakinak kudeatzen dituena, modu errentagarri eta eskalagarrian. Zifra ikaragarriak lortzen ari dira gainera! Frantzian ere antzeko zer edo zer egin duenik ere badago. Hala, eredu horiek oinarri hartuta, negozioa gurera zelan egokitu zitekeen pentsatzeari ekin nion eta horrela sortu nuen Oreka.

Legediak mugak ipin ditzake mota horretako egitasmo bat martxan ipintzeko orduan?

Legedia oso lotuta dago honekin. AEBetakoa oso «ahula» da zentzu horretan eta hango elikagaien segurtasun legea ez da hemengoarekin konparagarria. Bertan, zuzenean, Uber sistemarekin egiten duten bezalaxe funtzionatzen dute. Edonork publika dezake interneten janari-soberakinak dituela, nor edo nor hurbilduko zaio horren bila eta eraman egingo du. Horrela egiten dituzte elikagaien lekualdaketak. Espainiar Estatuan, aldiz, zirkuitu itxiak egin behar dira, tenperatura uneoro kontrolatuta dagoela, besteak beste.

Zer-zelakoak izan dira proiektuaren hastapenak?

Hasiera batean, nik bakarrik abiarazi nuen proiektua. Hala ere, bidean aurrera egin ahala, elikagaiak birbanatzen duen Nutrición sin Fronteras Kataluniako GKErekin ipini nintzen harremanetan, euren bilketa-zirkuituen gainean informatzeko. Horretan oinarrituta lan egin nahi dut hemen, baina kutsu enpresarial batekin, sostengarria izan ahal izateko. Hasieran aholkularitza-harreman soila genuen arren, orain kolaborazio-harreman bat egitea aztertzen ari gara. Eurek proiektuak behar duen baliabide teknikoak dituzte, berebizikoa dena; nik, aldiz, ikuspegi enpresariala ezarri nahi diot horri.

Zelan aurreikusten duzu elikagai horien birbanaketa egitea?

Kataluniakoek egiten dutena da kontsumorako prest dauden elikagai denak izoztu, eta errefrigeratuta lekualdatzen dituzte, ondoren kontsumitu ahal izateko. Ideia da gurekin lan egiten duten enpresek eurek elikagaiak izoztea, eta horren bolumenaren arabera hartze-sare bat osatzea. Astean bizpahiru aldiz batuko genituzke elikagai-soberakinak, ondoren behar dituzten hartze-zentroetara eramateko, hala nola jantoki sozialetara edo elikagaien bankuetara.

Hasieran jatetxeen eta hotelen elikagai-soberakinak kudeatzea aurreikusten duzu bakarrik?

Bai, hori da. Errestaurazio kolektiboko enpresekin hasiko ginateke. Horiek arduratzen dira ospitaleetako, erresidentzietako eta eskoletako menuak egiteaz, besteak beste; eta elikagai-bolumen handia darabilte. Enpresa horietako bakoitzak bere barne-prozesuak ditu, hala nola zaramaren kudeaketa. Hortaz, ikusi beharko dugu zein prozesutan sar gaitezkeen. Azken finean, ad hoc egin behar den lana da hori; enpresa bakoitza mundu bat da, eta proiektua horiei egokitu beharko dugu.

Enpresaren bategaz harremanik eduki duzu?

Hainbatekin kontaktua izan dut. Oraindino ez diet negozio-eredua aurkeztu, baina soberakinak eta hondakinak zelan kudeatzen dituzten azaldu didate. Oso ondo hartu dituzte Oreka eta halako dinamikak.

Zeintzuk abantaila eduki ditzakete enpresek Oreka egitasmoagaz bat egiten badute?

Elikagai-soberakina berreskuratzen dugunean, enpresek elikagai horien balioaren %35 desgrabatu ahal izango dute. Enpresek milaka kilo janari botatzen dituzte urtero, eta kopuru horren diru zati bat berreskuratzen laguntzen badiegu, urtearen amaieran diru-kopuru handia aurreztuko lukete. Guk soberakin horiek kudeatzeagatik kobratu egingo diegu enpresei, baina eurek dirutza desgrabatu ahal izango dute. Gainera, zeharkako beste gastu batzuk ere murriztuko lituzkete, hala nola zaramaren kudeaketarenak. Modu berean, mota honetako egitasmoetan parte hartzen duten enpresek euren erantzukizun soziala areagotuko lukete, behartsuenei lagunduko lieketelako. Orekak zuzenean lagunduko die premia handienak dituztenei, zoritxarrez jende askok behar baititu gizarte-laguntzak bizirauteko. EAEn milioi erdi bat lagun inguru bizi dira pobrezia eta bazterkeria egoeran.

Modu berean, kontuan hartu behar dugu elikagaien berrerabilpenak ingurumenean zer eragin dezakeen. Janaria botatzen dugunean horrek ondorioak dakartza ingurumenean, berbarako 15.000 litro ur inguru behar dira kilo bat behiki ekoizteko, eta elikagai-zarrastelkeriak sortzen du negutegi efektua eragiten duten gasen %10.

Zein mailatan planteatzen duzu proiektua martxan ipintzea?

Bizkaian proba pilotu bat egitea aurreikusten dut, enpresa gutxi batzuekin, negozio-eredua biribiltzeko, lan egiteko modua txukuntzeko eta sortzen diren zailtasunen aurrean irtenbideak aurkitzeko. Hori dena ondo irteten bada, den-dena eskalagarria eta erreplikagarria denez, aukera egongo litzateke bestelako erkidego batzuetara eramatea.

SaxoPrint lehiaketan aurkeztu zenuen duela gutxi Oreka, baina ez zenuen finalera heltzea lortu...

Lehiaketako epaimahai batek egin zuen proiektuen lehendabiziko hautaketa, euren iritzien arabera. Ondoren, sare sozialen bidezko bozketa baten bitartez hautatu zituzten finalistak. Proiektuetako sustatzaileok gure lanak sareratu behar izan genituen, botoak eskuratzeko, baina horretan hanka sartu nuen; ez dut oso ondo eraman proiektua mundu horietatik gizarteratzea eta finaletik hiruzpalau postura gelditu nintzen...

Aurrera egin beharra dago betiere, ezta?

Bai, noski. Azken finean, egin beharreko pausoak dira horiek. Proiektu bat aurkezten duzu eta jendearen iritziak jasotzen dituzu, txarrerako zein onerako. Oso polita da, kasu batzuetan, ezagutzen ez zaituen jendeak animozko mezuak helarazten dizkizulako. Hori ikaragarria da. Ekintzaile izatea errusiar mendi batean ibiltzea bezalakoa da: egun batean oso ondo senti zaitezke, eta hurrengoan, aldiz, oso txarto. Hala, babesten zaituen jendea dagoela ikusteak aurrera egiteko indarra ematen dizu.

Zaila da gaur egun gaztea eta ekintzailea izatea?

Bai. Esango nuke ekitea zaila dela beti, karrera korapilatsua da oso. Proiektu bat ezerezetik garatzeko ikaragarrizko lana egin beharra dago, baita sakrifizioak ere. Norbaitek negozio-eredu bat garatzen duenean, badaki lehenago edo beranduago hori moldatu behar izango duela, merkatuaren eta gizartearen beharrizanetara egokitzeko. Bide luzeko lasterketa bat da, pasio eta mimo handiz, gutxika-gutxika forma hartuz doana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun