Lehen txandan, super-erraldoian, Santacanak eta Galindok 01.27,34ko denbora egin eta hirugarren postuan amaitu dute; euren aurretik geratu dira Maros Hudik eta Miroslav Haraus, eta Jakub Krako eta Branislav Brozman bikote eslovakiarrak.
Ostera, eslalomeko bigarren txandan, Santacanak eta Galindok bigarren denborarik onena markatu dute: 47,79. Horri esker, konbinatuan zilarra eskuratu dute, Maros Hudik eta Miroslav Haraus bikote eslovakiarrak irabazitako urrezko dominatik 91 segundo-ehunera. Brontzezko domina Valerii Redkozubov eta Eugeny Geroev errusiarrek eroan dute.
Neguko Joko hauetan Santacanak eta Galindok "oso gertu" izan dute podiuma beste bi alditan, bietan laugarren postua lortuz, Basque Team euskal kirolari profesionalak sustatzeko fundazioak nabarmendu duenez. Lehenengo diploma jaitsieran lortu zuten, eta bestea, super-erraldoian. Hala, hirugarren honetan "hainbeste desiratutakoa" eskuratu dute. Gaurkoa da bikote gisa lortutako seigarren domina, eta bederatzigarrena, Donostian jaiotako eskiatzaile getxoztarrarentzat.
Torinoko Jokoetan izan ezik, tibia eta peronea apurtu zuen urtean, beste hitzordu paralinpiko denetan, Santacana eta Galindo podiumera igo dira: Vancouverren urre bat eta bi zilar lortu zituzten; Sotxin, aldiz, urre eta zilar bana. Salt Lake Cityn, Santacanak beste gidari bategaz parte hartu zuen eta orduan ere, eskiatzaile getxoztarrak urrea bereganatu zuen eslalom erraldoian eta bi brontze irabazi zituen; bata jaitsieran eta bestea super-erraldoian.
Santacanak eta Galindok beste proba bi jokatuko dituzte Korean; erraldoia, bihar, eguaztenean, eta eslaloma, zapatuan.