Afrika Bibang Maquina (Algorta, 1975) abeslaria Ekuatore Gineako etorkinen alaba da, euskalduna. A ereduan egin zituen ikasketak, baina 15-16 urte zituenean euskara ikasten hasi zen. 1993an hasi zuen bere musika-ibilbidea; hainbat taldetan ibili ostean, "Entzun" euskarazko diskoa plazaratu zuen, 2004an. Urte luzez Euskal Herritik eta euskal musikatik kanpo egon ostean, sorterrira itzuli eta euskarazko kanta bat grabatu du berriro.
Zenbat urte igaro dira euskarazko kantarik egiten ez zenuenetik? Hamalau urtez ibili naiz munduan zehar bueltak ematen eta, Algortara itzuli nintzenean, dena zelan aldatu den eta gu geu ere zelan aldatu garen sumatu nuen; denbora aurrera doa, eten barik. Gauzak horrela, "Begira" izeneko abestia grabatzea erabaki nuen; buruan neukan eta gura nuen atera. Datorren hilabetean edo plazaratuko dugu.
Grabatu duzun kanta berria entzunda esan daiteke Afrika euskal musikara itzuli dela? Baietz esan daiteke. Hala ere, gaur egun proiektu asko dauzkat eskuen artean: oraindino jarraitzen dut ingelesez abesten eta bidaiatzen The Johnny Freelance Experience taldeagaz. Baina, lehen esan dudan moduan, kanta atera zitzaidan eta neure buruari esan nion: "Grabatu egingo dugu, ia zer gertatzen den". Hala ere, ez daukat ezertarako asmorik; nik musika egin gura dut, eta deitzen banaute zer edo zer egiteko, egin egingo dut.
Nire asmoa da horrelako kantak bururatzen zaizkidan heinean, horiek grabatu eta plazaratzen joatea. Gainera, gaur egun ez da beharrezkoa disko bat grabatzea; Interneten bidez joan zaitezke abestiak argitaratzen. Agian, bospasei kanta dauzkadanean maketa edo disko bat grabatuko dut; hori ikusiko dugu. Bitartean, Begira abestia kaleratuko dut jendeak entzuteko eta ikusteko berriro euskaraz abesten hasi naizela, apurka mundu honetan burua sartuz berriro. Baina, ezelako asmo zehatz barik. Horretarako ere nahiko hippya naiz; haizeagaz batera mugitu ohi naiz.
Zer esango zenieke zu euskaraz abesten entzuten zintuzten pertsona horiei guztiei? Esan gura nieke "Begira" kanta nire barru-barrutik atera den gauza bat dela. Erabaki nuen Euskal Herrira bueltatzeko momentua zela eta hemen nengoela, halako batean, paseo bat ematera joan nintzen: orduantxe ikusi nuen dena zelan aldatu den. Oso une berezia izan zen niretzat. Abestian kontatzen dut zelan sentitu nintzen momentu horretan; eta pentsatzen dut, adin batera iritsita, denok sentituko garela horrela. Izan ere, eman dezake hemendik joan nintzenetik denbora gutxi igaro dela, baina urte asko igaro dira eta asko aldatu dira gauzak. Sentimenduzko une bat izan zen. Bestalde, abestia Begira izan arren, ez dauka zerikusirik "Entzun" nire bakarkako lanagaz.
Azken hamalau urteetan euskal musikagintzatik kanpo ibili zara. Zertan ibili zara denbora horretan guztian? Abesten eta bidaiatzen ibili naiz. Kar, kar. Beste hizkuntza batzuetan izan arren, beti egon izan naiz musikaren munduan. Euskara alde batera utzi nuen eta, orain, ostera ere bueltan naiz... Ingelesez ere abesten jarraitzen dut. Baina, momentuz, kanta bakarra baino ez dut grabatu euskaraz; ikusiko dugu zelan doazen gauzak.
Zelan erabaki zenuen maletak egin eta bidaiatzen hastea? Normalean erabakiak ez ditut nik hartzen; bizitzak eroaten zaitu gauza bat edo bestea egitera. Berbarako, Bartzelonara joan nintzen eta, han, hainbat lagun ezagutu nituen eta hemendik hara ibili gara urte hauetan guztietan: Varsovian, Japonian, Madrilen, Londresen, Parisen, Beiruten... egon naiz abesten. Euskal Herria txiki geratu zitzaidan; hemendik alde egitea erabaki nuen orduan. Gauza batek bestea ekarri du eta gelditu barik ibili naiz munduan zehar.
Joan aurretik "Entzun" diskoa grabatu zenuen. Zelan sortu zen proiektua? Aurretik beste talde batzuetan ibilita nengoen; besteak beste Etsaiak taldeagaz. Ke No Falte taldean ere egon nintzen. Halako batean, grabatuta neuzkan kanta batzuk eroan nizkion Fermin Muguruzari, eta hari gustatu egin zitzaizkion. Ferminek ekoiztu zuen "Entzun" (2004, Metak) diskoa; oso laguna daukat. Brigadistak Sound System lanean ere luzaroan ibili ginen elkarlanean Fermin eta biok.
Zer gurago duzu, talde batean ahotsa ipintzea edo bakarlari jardutea? Bizitzak momentu bakoitzean eskatzen didana; nik beti egiten ditut gauzak horrela, ezelako planifikazio barik. Esperientzia ezberdinak dira: bakarrik kantatzen duzunean arreta guztia zugan ipintzen dute entzuleek; talde batean ahotsa ipintzea bestelako kontua da. Baina kantatzen nagoen bitartean, ona da. Bakarlari izatea politagoa da, agian; baina arriskutsua ere bai.
Zer da musika zuretzat? Niretzat dena da musika: jarduera horretaz bizi naiz, entzun egiten dut egunero, taberna batera sartzen naizenean oso garrantzitsua da niretzat ze musika ipintzen duten... Momentu guztietan daukat buruan; nire bizitza da.