Etxeko lana ez zen beste zerbait hartzeko aukera eduki zenuen Euskal Herrira ailegatu zinenean? Ez. Gainera, bitxia bada ere, ez nekien etxe batean lan egiten egon zintezkeenik. "Dagoena da", pentsatu nuen eta lanean hasi nintzen. Bolivian egiten nituen ohiko gauzak ziren: umeen zaintza, garbiketa... Etxeko lanak, azken finean.
Zer baldintzatan hasi zinen lanean? Gure arazoa da, atzerritarrak garenez, gutxienez hiru urte eman behar ditugula leku zehatz batean erroldatuta, gure egoera arautu ahal izateko. Denbora hori igaro arte, kontratu bat izateko edo Gizarte Segurantzan izena emateko aukerarik ez daukazu. Ez zara existitzen; "beltzean" zabiltza lanean. Zeharo baldintzatuta zaude; lana eman dizuten horien menpe, agiriak egingo dizkizuten edo ez.
Horrek eskubideen urraketa eragiten du? Aurrera egiten saiatzen zaren arren, zure nagusiek oztopoak baino ez dizkizutela ipintzen nabaritzen duzu. Ordutegiei dagokienez, gehiegikeriak ematen dira; diskriminazioa, klasismoa eta arrazakeria ere eguneroko ogia dira.
Noizbait paperakaz xantaia, mehatxatu edo eraso egin zizuten? Zorionez, ez nuen horrelako egoerarik bizi izan; ez da ohikoa. Hala ere, denbora luzeagoz eduki ninduten kontratua egin eta Gizarte Segurantzan izena emateko. Are gehiago, dagoeneko erregularizazio-prozesua abian zegoenean, nik neuk ordaindu behar izan nituen izapideak, nire soldatagaz, etxeko nagusiaren izenean. Gutxienez sei hilabetez kotizatzen egon behar zara, zure egoera erregularizatzeko.
Ordutik aurrera eduki zenituen lanetako baldintzak hobeak izan ziren? Ez. Ikerketarako eta parte-hartzea sustatzeko talde batean ari naiz, eta etxeko langileez egindako azterketan frogatu dugu gaur egun gauza bera gertatzen dela: dagoeneko erretiratuta dagoen hemen jaiotako etxeko langile baten ahotik entzun behar izan ditut esklabotza-egoerak, abusuak eta indarkeria ematen direla etxeen barruan.
Horrek denak harritu egiten zaitu? Inondik inora ez. Hamabi urte daramatzat Euskal Herrian eta, denbora horretan, etxeko langileen egoera ez da aldatu. Honek guztiak sumindu egiten nau.