Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, hirugarren solairuaren erdia Nagusien Etxea zuzentzera bideratuta dago, eta solairu bereko beste hainbat gela erabili ahal izango dituzte edadetuek. Udal-taldeak gogoratu duenez, "jakina da Nagusien Etxea Kultur Etxe berrira lekuz aldatzearen kontra gaudela, baina hori alde batera utzita, baieztatu ahal izan dugu nagusientzat gorde den lekua oso eskasa dela: zenbait besaulki sarreran eta erabilera anitzeko gela txiki bat. Horrekin batera gimnasioa, ile-apaindegia eta masajerako gelak eskura izango dituzte".
EH Bilduk dioenez, Nagusien Etxeak egunero jasotzen duen erabiltzaile kopurua "oso handia da"; hori dela eta, uste du lekualdaketa eginez gero instalazio berriak "txiki" geldituko litzaizkiekeela. Gainera, nagusiek izango duten "intimitate falta" ere nabarmendu du koalizio abertzaleak, "egungo eraikinak autonomia eta erosotasun handia eskaintzen baitie".
Liburutegiei dagokienez, helduenean leku falta "nabaria" dela deitoratu dute: "Azterketa garaian beste gela batzuk egokituko direla azaldu ziguten arren, gure ustez hasieratik bideratu behar zen leku gehiago ikasketara". Gaztelekuaren harira ere gunea "eskasa eta hotza" dela ondorioztatu dute EH Bildukoek. Eraikinaren sarrerako ateari dagokionez, irisgarritasun neurriak betetzen ez direla baieztatu dute, "automatikoki zabaltzen ez den heinean, mugikortasun arazoak dituzten getxoztarrek laguntza behar izango dutelako kultur etxean sartzeko". Hori dela eta, arduradunei arazo horren inguruan galdetu zieten eta horiek esan zuten aztertzen ari zirela atea aldatzea.
Amaitzeko, beheko solairuan oraindino inauguratu ez den erakusketa-gela dago, eta koalizio abertzaleak deitoratu du koadroak eskegitzeko "soilik" erabili ahal izango dela gune horren heren bat, gainontzekoa kristalezko fatxada delako.
EH Bildukoek diote "sekula" ukatu ez dutela Itzubaltzeta/Romon kultur ekipamendu "moderno eta eraginkorrak izateko beharra". Dena dela, Romo Kultur Etxearen inaugurazioaren ostean argi utzi gura izan dute ez datozela bat eraikin hori diseinatzeko eta eraikitzeko erabili izan den prozesuagaz. "Zerrendaturiko gabeziei dagokionez, horiek zuzentzeko parada egongo delakoan gaude".