Domekan Faduran jokatu zuten norgehiagokan, bi taldeak euren artean erasoak trukatzen jardun zuten etengabe. Izan ere, erdietsi zituzten entseguetako bakoitzak berehala kontraerasoa jaso zuen aurkako taldearen aldetik. Lehenik eta behin Sanse Scrum taldea aurreratu zen entsegu bategaz hogeigarren minutuan. Hiru minutu beranduago, Getxok Joana Murray atzelariaren entsegu bategaz erantzun zuen; Murray durangarra nabarmendu zen eta amaiera jo aurretik denera hiru entsegu lortu zituen. Atsedenaldira iritsi baino lehenago, Bàrbara Plak defentsaren hutsune bat aprobetxatu zuen eta hagetan markatu zuen. Hala, getxoztarrak markagailuan aurreratu ziren, 12-5, baina madrildarrek berdinketa lortu zuten lehenengo erdiko azken txistuan.
Bigarren erdialdean, Joana Murrayk bere bigarren eta taldearen hirugarren tantoa egin zuen, jokalari bisitari batek plakaje arriskutsua egiteagatik txartel horia jaso ondoren. Horretarako Murrayk min handia ematen duten bere ohiko lasterketa bat erabili zuen. Horrezkero, markagailua 19-12 zihoan. Hamabi minutu defentsan aritu ostean, madrildarrek beste tanto bat egin zuten. Hala, 60. minutuan berdinketa lortu zuten norgehiagokan: 19-19.Orduan iritsi
zen benetako kolpe-trukea; hogei minutuan bost entsegu gehiago ikusi ziren Faduran, bi taldeen artean txandakatuak. Amaitzeko lau minutu falta zirela, Getxoko emakumeak irabazten zebiltzan, 33-31, Plaren transformazio bati esker. Ostera, madrildarrek kontra-erasoa burutu zuten eta azken jokaldian norgehiagoka erabakita utzi zuten, beste entsegu bat gauzatuz. Hala, Beñat Lavínen jokalariek desiratutako garaipena barik lotu ziren, 33-38 emaitzagaz.
Porrota nozitu arren, Fadurak norgehiagoka ederra gozatu zuen, pertsona urdurientzat arriskutsua. Getxoztarrek ezin izan zuten aurkaria mendean hartu, baina jokalariak pozik geratu ziren partiduagaz: bost entsegu eta gogoan izateko moduko norgehiagoka.