Zentroko lan-hitzarmena eta lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte monitoreek

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 11a, 18:17
Gaur goizean egindako elkarretaratzea Algortako Fadura kiroldegiaren aurrean.

Getxo Kirolak udal-erakundeak azpikontratatutako Sport Studioko monitoreek abiatutako greba dela eta, Udalak jakinarazi du jaso ez dituzten klaseen zenbatekoa itzuliko zaiela erabiltzaileei.

Monitoreek zentroko hitzarmena lortzeko eta gutxieneko lan-baldintza duinak bermatzeko hiru egunetako greba abiatu dute gaur; hurrengo lanuzteak hilaren 17an eta 18an izango direla iragarri dute. Bere aldetik, Getxoko Udalak adierazi du bi aldeen arteko elkarrizketa dela gatazkari irtenbidea emateko "formula bakarra". Hori dela eta, alde biei negoziazio-mahaian jesartzeko exijitu die Udalak, "diferentziez hitz egiteko, akordioa lortzeko borondatearekin". Hala, monitoreen ordezkari sindikaletako batek jakinarazi du bihar, eguenean, Getxo Kirolakeko eta azpikontratatutako enpresaren ordezkariakaz bilduko direla, 12:00etan.

Dena dela, beharginek deitoratu dute Getxoko EAJk ez duela orain arte "ezertxo ere egin" eurakaz akordio batera heltzeko ahaleginean. Horren aurrean, Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) adierazi du ez dituela "inolaz ere" ordezkatuko elkarrizketan parte hartu behar duten alde biak, "negoziazio kolektiboarekiko begiruneagatik".

Sport Studio enpresako 52 monitore ditu azpikontratatuta Getxo Kirolakek, eta horietatik denetatik gehienak batu dira borrokara. "Hiru lankidek baino ez dute bat egin lanuztearekin, baina eskatzen dugunaren alde daude", azaldu du behargin horien ordezkari sindikalak. Era berean, jakinarazi du Getxo Kirolakeko erabiltzaile "denek" ulertzen dutela euren borroka.

Monitoreek diotenez, zentroko hitzarmena lortu eta gutxieneko lan-baldintza duinak bermatu gura dituzte lanuzte horiekaz. Azaldu dutenaren arabera, lan egindako orduak "soilik" ordaintzen dizkiete, klaseak prestatzeko ematen duten denbora kontutan hartu gabe. Gainera, ikastaroak indarrean daudenean bakarrik jasotzen dute soldata, hau da, "Gabonetan, berbarako, oporrak diren bitartean eta ikastaroak ez dauden bitartean ez dugu ezertxo ere jasotzen. Hori dela eta, eskatzen duguna da hilabete denetan berdin kobratzea, 30 egunean lan egin izan bagenu bezala". Era berean, jakinarazi dute 12 urte daroatzatela egoera berean, soldataren berrikuspenik izan gabe.

Lan gatazkaren harira Getxoko Udalak argitaratutako oharra:

1. Udal gobernuak bere atsekabea agertu du gatazka ikastaroetako erabiltzaileentzat eragiten ari den kalteengatik eta eragozpenengatik. Erabiltzaileei jadanik jakinarazi zaie Getxo Kirolak erakundeak beraiek jaso ez dituzten klaseen zenbatekoa itzultzeko hartutako erabakia.

2. Negoziazio kolektiboa oinarrizko eskubide bat da, Lanaren Nazioarteko Antolaketaren Konstituzioak jasotzen duenez. Gobernu honek eskubide hori errespetatzen du eta garrantzitsutzat jotzen du, eta horregatik aipatutako enpresa eta ordezkaritza sindikalaren arteko elkarrizketa izateko eskatzen du, bi aldeen arteko gatazkari irtenbidea emateko formula bakar gisa.

Hori dela eta,  bi aldeei lehenbailehen negoziazio-mahaian esertzeko exijitzen die, diferentziez hitz egite aldera, akordioa lortzeko borondatearekin.

Gobernu honek ez ditu inolaz ere ordezkatuko elkarrizketan parte hartu behar duten bi aldeak, hain zuzen ere negoziazio kolektiboarekiko begiruneagatik.

3. Edozein kasutan ere, esan behar da Getxo Kirolakek, kirol ikastaroen zerbitzua emateko 2008. urtean deitutako lehiaketa publikoetako lehenagotik, zaindu duela kontratatutako enpresako langileek lan baldintza duinak izateko, eta horretarako kontratazio pleguetan hainbat irizpide sartu dituela.

Horrela, 2008an burututako lehiaketaren lehenengo deialdian (2010era arteko iraupenarekin) exijitu zen eta egiaztatu zen alorraren hitzarmena betetzea, orduan hori egitea ohikoa ez zela.

Era berean, 2011-2015 eta 2015-gaur egunera arteko lehiaketetako deialdietan, soldata- bermerako klausulak sartu ziren, alorraren hitzarmenean aurreikusitakoa baino urrunagokoak, eman beharreko zerbitzuaren ezaugarriak kontuan hartuta.  Eta horiengatik, gaur egun emandako ordainsari gordinak hitzarmenarenak baino %34 handiago dira.

Horren jakinaren gainean daude udaleko talde politiko guztiak, Getxo Kirolakeko Batzorde Errektorean duten ordezkaritzaren bitartez, hori baita aipatutako lehiaketa publikoa arautzen dituen baldintza-agiria onartzeko entitate eskuduna.

4. Hala ere, ezin dira alde batera utzi mota honetako lan klausulak lehiaketa publikoetan sartzeko herri administrazioek izaten dituzten zailtasunak, hainbat epaiaren ondorioak direnak, hurrengoak bezala: Euskadiko Justizia Goreneko Auzitegiaren 448/2015ekoa sozio eta lan baldintzak ez sartzeko, edo Kontratatuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren erabaki administratiboak, EAEko herri administrazioen kontratuetan sartutako ezaugarri hauetako klausulei buruz eta aipatutako Organoaren aurrean errekurtsoa izan dutenak. Gainera kontuan hartu behar da martxoan bertan indarrean sartutako Herri Administrazioetako Kontratuen Lege berriak emango dituen aukera berriak. 

5. Are gehiago, esan behar da aipatutako zerbitzuak emateko Getxo Kirolakek deitutako lehiaketa publikoen baldintza-agirien lizitazio motak zein adjudikazioetan ateratzen direnak maila gorenekoak direla inguruko udalek gestionatutakoen artean, eta horrek enpresa-sindikatuen arteko negoziazio kolektiboan erabakitzeko margen handia ahalbideratzen du.

6. Amaitzeko, adierazi nahi dugu erakunde autonomo honek eskaintzen dituen kirol ikastaroak ez direla egituraren zerbitzuen parte bat, hau da, ez direla tokiko erakundeek eman beharreko oinarrizkoak ezta derrigorrezkoak ere, baizik eta hobetzeko konpromisoagatik ematen direla, adin gabekoentzat hezigarriak direlako, eta osasuntsuak eta gizarteratzearen aldekoak gainontzeko kolektiboentzat.

Ildo horretan, horiek lehiaketa publiko eta irekiaren bitartez kontratatzeak kanpoko eskari aldakorrera arin egokitu ahal izatea ahalbideratzen du, 2008tik zerbitzuak eduki duen garapenean ikus daitekeenez.  

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun