HAPO berria onartzeko prozesu parte-hartzailea aldarrikatu du Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 23a, 10:33

Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berrikustearen idazketa esleitu berri du Getxoko Udalak; hala ere, 2009an iraungi zen plana oraindino gauzatzen jarrai dezakeela deitoratu du EH Bilduk: «2022 baino lehen ez dugu HAPO berria izango, eta bitarte horretan geratzen zaizkigun gune berdeak porlanez betetzeko arriskua dugu».  

Koalizio abertzaleak azaldu duenez, EAJk 2001ean idatzitako HAPO gauzatzen jarrai dezake Udalak, "eremu berdeak zementuz betetzen, eta 8.000 etxebizitza inguru (libreak gehienak) eraikitzen". Oposizioko taldeak argitu duenaren arabera, berrikuspenak 4 urteko aldia izango du, 2 urtez luzatzeko aukeragaz. "Beraz, 2022 baino lehen ez dugu Getxon HAPO berria izango, eta tarte horretan geratzen zaizkigun eremu berdeak porlanez betetzeko arriskua izateaz gain, 2007an Getxoko jendarteak gelditu zuen HAPO erabat burutzeko arriskua egongo da".

EH Bilduren arabera, udalerria ingurunearekiko modu jasangarrian garatzeko eta herritarren beharrei erantzun ahal izateko tresna "nagusiena" da HAPO. Hori dela eta, 13 urtean horren berrikuspenik egin ez izana EAJren "utzikeria" dela salatu du: "denbora igarotzen utzi du 2001ean aurreikusten ziren hainbat hirigintza proiektu garatzen eta eraikitzen, egungo egoerari erantzuten dion herriko Plan Orokorra osatu beharrean; ingurumena babestuko duena, gazteoi etxebizitza eskubidea bermatuko diguna gure herrian bizitzen jarraitzeko, espekulazioari aurre egingo diona, mugikortasun jasangarria bultzatuko duena, eta getxoztarron izaera errespetatuko duena".

Horrez gainera, koalizio abertzaleak aldarrikatu du plan berria onartzeko prozesu parte-hartzaile bat garatzea, "iritziez, babesaz eta oniritziekin onartu ahal izateko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun