Elurrak egun osoko jardunean eduki zuen isla: trafikoan, eskolan, unibertsitate eta lan ordutegian, paisaian… Ordu batzuen buruan gure auzo eta herriak kaosean murgildu ziren: istripuren bat, ezohiko atzerapenak, normalean baino gehiago erabili izana garraio publikoa eta horrek dakartzan zailtasunak, lanera joan ezin izana…
Hala ere, kaos horretatik gauza oso positiboa nabarmendu nahiko nuke. Espazio pribatuak oso homogeneoak dira gurean, uharteak sortzen dituzten eraikinak dira gehienbat, hirian sakabanatuta, inguruetara moldatua. Erabilera eta jabetza oso pribatuekin, espazio publikoaren sarea eta jariotasuna oztopatzen dute, hiriari ahalik eta etekin (ekonomiko) handiena ateratzeko. Sare publiko hori, bada, oso heterogeneoa da, hainbat publikotasun maila bereizi ditzakegu, hainbat ezaugarri eta erabilerarekin. Badaude espaloiak, errepideak, bidegorriak, bazterbideak, lorategiak, oinezkoen bideak… Bada, elurrari esker horiek guztiak homogeneizatu ziren, ordu batzuez behintzat. Momentu batez hain ondo ezagutzen dugun gure auzoa arrotza suertatu zitzaigun, ez genituen ezberdintzen aurretik aipatutako zoladura guztiak. Ezezaguna zaigun sentsazioa suspertu zitzaigun, edozer bihurtu zen zapalgarri, eta ezohiko askatasuna izan genuen nahi bezala mugitzeko (batzuek eskiak eta guzti atera zituzten!).
Ordu batzuen buruan espazio publikoa, guzti-guztia, salbuespenik gabe, hiritarrona bihurtu zen, hiria bereganatu genuen elurrak sortutako kaos eder txiki horri esker. Baina, bizitzako edozein esparrutan gertatzen den legez, eguzkia atera eta elurra urtu zen, egunerokoa lehengora bueltatu zen eta bakoitzari bere tokia zein den argi utzi zitzaion; espazio publikoa zatikatuz mugak berreraikiz. Horren aurrean… elurtu dezagun hiria!