Adierazpen Instituzionala LGTBIfobiaren aurkako Eguna dela eta
Urtero, maiatzaren 17an, 2005. urteaz geroztik, Lesbo-gay-transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko eguna oroitzen da. Horrela, 1990eko maiatzaren 17a gogora ekartzen dugu: egun hartan Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea kendu zuen gaixotasun mentalen zerrendatik.
Egun hori dela-eta, Getxoko Udalak aniztasun afektibo eta sexuala eta genero-identitate guztiak onartzen dituen udalerria aldarrikatu gura du. Heterosexualitatea arau ez den hiri bat. Lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen kolektiboaren (LGTBI) aurkako erasoak zigortu gabe uzten ez dituen udalerria. Izan ere, LGTBIfobiak ez du bakarrik pertsonen askatasuna mehatxatzen, baizik eta jendarte osoaren ongizatea.
Kontzientzia sozialean aurrerapenak izan dira, 2005. urtean ezkontza parekidea ahalbideratu zutenak, edo Euskadin berriki onartu den ekainaren 28ko 14/2012 Legea –genero-identitatearen arrazoiengatik inor ez baztertzeari eta transexualen eskubideak aitortzeari buruzkoa– ekarri zutenak, esate baterako. Hala ere, LGTBI pertsonek bazterketa, estigmatizazio eta indarkeria-egoerak bizitzen dituzte oraindik. Ezjakintasuna, sineskeriak, aurreiritziak eta gaitzespena presente daude oraindik ere jendartearen sektore askotan, berdintasun eza eta sexu- eta genero-aniztasuna bete-betean bizitzeko askatasun-eza agerian utziz.
Hala erakusten dute hainbat adierazlek: gure inguruan dauden aurreiritzi sexualak, eredu heteronormatiboari ihes egiten dioten sexualitateak hierarkizatu eta baztertzen dituztenak; trans-kolektiboa patologizatzeko joera; portaera homofoboak ikastetxeetan; emakume lesbianen ikusezintasuna, legitimitate soziala eta beren eskubideak aske gauzatu ahal izatea ukatzen diena. Barne Ministerioak gorroto-delituei buruz egindako azken txostenean, eta Eraberean-ek (tratu-berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako euskal sareak) egindakoan, biak ere 2015. urtekoak, nabari da gure autonomia-erkidegoan oraindik ere LGTBIfobian errotuta dauden bazterketa-ekintzak eta gorroto-delituak badirela.
Testuinguru honetan, ezin dugu ahaztu Ekai Lersundi, otsailaren 15ean Ondarroan bere buruaz beste egin zuen gazte transexuala, tratamendu hormonal baten zain zegoena. Zentzu horretan, Getxoko Udalak adierazi zuen horrelako egoerak prebenitu beharra dagoela, umeak eta nerabeak askatasunez garatu eta autodeterminatu ahal izateko euren sexu- eta genero-nortasunari dagokionez.
Eragile sozialen eginkizuna jendarte adeitsuagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa sortzea da, geure lan-agendetan LGTBI kolektiboarekin beren-beregi konpromiso bat hartuz. Oraindik ere kolektibo horrek aurre egin behar dien diskriminazio-egoeren aurkako borrokan aurrera egiten laguntzen digun konpromisoa.
Horregatik guztiagatik, Getxoko Udalak konpromiso hori bere gain hartzen du, eta jendartea oro har eta zerikusia duten eragile guztiak bereziki animatzen ditu erronka hori bere gain hartzera, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko kontuak landuz eta baldintza egokiak sortuz gure jendartearen eremu guztietan, helburu hori errealitate bihurtzeko.
Getxoko Udalak LGTBI eskubideak instituzioetan bermatzen dituzten politikak bultzatuko ditu eta, gainera, jendarte-eredu justu eta anitzaren alde lan egingo du, homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobia desagerrarazteko lan egiten duten pertsona eta eragile guztiekin elkar hartuta. Bukatzeko, getxoztar guztiak gonbidatzen ditugu "Transexualitateetara hurbiltzen" jardunaldira, datorren ekainaren 23an egingo dena, 11:00etan, Getxo Elkartegian eta baita LGTBI kolektiboek antolatzen dituzten ekimen desberdinetara ere.